Calderas Cordon enpresari aipamen berezia eman dio epaimahaiak, eta enpresan barruan eginiko proiektu onenarena eman gabe utzi du
Perez, Gereñu, Aldasoro eta Eguren, gaur eguerdian, Igartza Jauregian egin den sari-emate ekitaldian.
Eñaut Gereñu ordiziarrak zuzendutako Gertuko SL enpresak irabazi du Goiekik antolatutako enpresa ekimen berrien XVIII. sariketa, Euskal Herriaren eta Hego Amerikaren –Txile eta Bolivia bereziki– arteko kudeaketa komertziala garatzeko proiektu batekin. 6.000 euro jaso ditu sari modura. Zortzi proiektu aurkeztu dira kategoria honetan, eta Gertuko ez ezik, Calderas Cordon enpresa izan da finalista. Bigarren enpresa honi aipamen berezia ematea erabaki du epaimahaiak. Galdaretan sortzen den beroa errekuperatzeko sistema berri bat aurkeztu dute lehiaketan. Enpresa barruan eginiko proiektu berritzaile onenaren saria, berriz, ez ematea erabaki du epaimahaiak. Lan bakarra aurkeztu da bigarren kategoria honetara. Azkenik, Goierri Eskolako ikasteen arteko ekintzailetza proiektu garapen onena Nagore Mondejar eta Josean Saezek aurkeztutako Mikra proiektuarentzat izan da.
Igor Eguren Goiekiko lehendakariak –azken ekitaldia izan du lehendakari modura–, Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak, Jose Luis Perez Orkliko lehendakariak eta Maialen Sanchez Goiekiko Inkubategiko arduradunak gidatu dute ekitaldia, ekimena babesten dute hainbat erakunde eta enpresetako ordezkariak bertan zirela. Aurten 18 bete ditu lehiaketak, eta aurrenekoz, Goiekiko bulegotatik kanpo egin da sari banaketa, Igartza Jauregian hain zuzen. Sari ematearen aurretik, Jose Luis Perezek
Estrategia, etorkizuna eta eskualdea hitzaldia egin du.