Legorretako zinema berritzeko lanak hasi dituzte
Legorretako Herri Zinema zaharra kultur taldeen eta sorkuntzaren bilgune bihurtuko dute. Azpiegitura egokitzeko obrak duela bi aste hasi zituen Urbycolan enpresak, eta dagoeneko barrua hustu diote zinemari. Legorretako kultura-talde, eragile eta herritar orok erabili ahal izateko areto funtzio aniztuna eraikiko dute orain. Lanak Eguberrietarako bukatzea aurreikusi dute, eta 2016. urtean zehar jarriko dute martxan.
Orain arte eserlekuak eta agertokia egon diren aretoa erabat hustu dute. Lokal zabala eta tokiz librea atonduko dute. Eserlekuak ere izango ditu, baina bildu eta zabaldu daitezkeen harmaila mugigarri batzuetan. Areto irekia dantza taldeak, abesbatzak, herriko musika taldeek edo musika eskolak erabiltzeko moduan jartzea pentsatu dute. Herritarren parte-hartze prozesu batean definitu zuten, aurreko agintaldiaren bigarren erdian, nolakotasuna eta zer betebehar izan behar dituen.
Udalak, behin antzokia erabilgarri dagoenean, herriko beste azpiegiturak, lokalak eta antolatzen diren jarduerak egokitzeko beste parte-hartze prozesu bat egiteko asmoa du.