Etzi 'Amalur' filma eskainiko dute Usurbe antzokian. Larunbatean bisita gidatua egingo dute Arriarango urtegira, Basterretxearen eskulturak ikusteko.
Arriarango urtegian Basterretxearen bi eskultura daude. / Eskeine Legorburu
Iaz hil zen Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarra, uztailaren 12an. Urteurrena orain gutxi izan dela-eta,
Lemniskata zientzia elkarteak haren inguruko asteburua antolatu du. Etzi eta larunbatean izango dira ekintzak, Beasainen. Jose Luis Etxezarreta elkarteko kidearen esanetan, Basterretxeak utzi zuen bere aztarna Goierrin ere, «eta merezi du gogora ekartzeak».
Hasteko, etzi, Amalur filma eskainiko dute Usurbe antzokian, 22:00etan. Doako emanaldia izango da. Basterretxeak eta Fernando Larruquertek 1968an estreinatutako filma da Amalur, Euskal Herriaren ingurukoa. «Bere garaian film epiko bat izan zen, eta garai hartako Euskal Herriaren ikuspegi oso iteresgarria eskaintzen digu», adierazi du Etxezarretak.
Arriarango urtegira bisita
Etzi Basterretxearen filma ikusita, larunbatean Arriarango urtegira bisita gidatua egingo dute. Batetik, urtegia bera ezagutuko dute: araztegia barrutik ikusiko dute, urtegiaren funtzionamendua zein den azalduko dute… «Gaur egungo gazteek ez dute ezagutu zer den etxean urik ez izatea, eta horregatik balorean jarri nahi dugu urtegia».
Bestalde, Arriarango urtegian Basterretxearen eskultura bat dago. Zehazki, urtegiko presan dago eskultura. 1993an egina da, eta bi elementu asimetrikoz osatuta dago. Ikusgarria da, 24 metroko garaiera baitu. Egileak bere garaian azaldu zuenez, zerurantz irekitako bi onil irudikatzen dituzte. «Arteak eta naturak bat egiten dute Arriarango urtegian», esan du Etxezarretak. Larunbateko bisitan eskultura horiek ikusi eta azalpenak jasotzeko aukera izango da Edorta Kortadi arte aditu eta kritikariaren eskutik.
Bisita doakoa da, eta interesa duen edonor joan daiteke. 17:30ean hasiko da, Arriarango urtegian bertan. Gainera, autobusa ere jarriko dute Beasaindik joateko. 17:20ean abiatuko da autobusa tren geltokitik, eta doakoa izango da. Salbatoren ere egingo du geldialdia autobusak. Bestalde, posible da norbera bere autoan joatea ere.
Edorta Kortadiren hitzaldia eta afaria
Eguna borobiltzeko, larunbatean, 20:00etan, Kortadik hitzaldia egingo du Arriarango Intxaurpe elkartean. Eskultorearen inguruko hitzaldia izango da. Hitzaldia amaitutakoan, berriz, afaria egingo dute elkartean.
Afarira joateko aurrez tikea erosi behar da, hamar euroan. Horretarako hiru aukera daude: afaria.arriaran@hotmail.com helbidera idatzi, 618 56 97 62 telefonora deitu edo Beasaingo Idoia ileapaindegian erosi. Hitzaldia amaitutakoan autobusa jarriko dute berriz Beasainera itzultzeko.