Plazola 2007an, alkate karguan zin egin zuen unean / Aimar Maiz
2007 eta 2011 urteen artean Legazpiko alkate izan zen Plazaola, EAE-ANV alderdia ordezkatuz. Bera alkate egon zen legegintzaldian onartu zuten, esaterako, herrian hileta zibilak egiteko ordenantza. Berea izango da, hain zuzen ere, bera alkate izan zen legealdian onartu zen ordenantza jarraituz egingo den lehen hileta zibila. Ordenantza horren arabera, udalak Azoka gunea eta bestelako baliabideak jartzen ditu familiaren esku.
Plazaolaren hileta zibila eta omenaldia bihar egingo dituzte: 19:00etan, Azoka gunean. Ekitaldia Asier Iriondo bertsolariak gidatuko du eta bere lagun batek testu bat irakurriko du. Gainera, musika egongo da eta txalapartariek eta bertsolariek parte hartuko dute.
Sotero Plazaola Urretxun jaio zen, 1959an. Bost senidetan bigarrena zen. Bere aitonaren izena jarri zioten. Aitona, Sotero Plazaola Urkiola, EAE-ANVko Urretxuko arduraduna izan zen 1931tik 1936ra eta zinegotzia 1933tik 1934ra. 1937an Bizkaian atxilotu zuten, Aniceto Maella EAE-ANVko zinegotziarekin batera, eta biak kartzelara bidali zituzten. Adina zela eta, ez ziren gudariak izan.
Bilobak aitonaren pausoak jarraitu zituen eta EAE-ANVko kidea izan zen. Aitonak ez bezala, alkatetzara heltzea lortu zuen. 42 urterekin iritsi zen alkatetzara, Legazpiko “sektore independentista eta ezkertiarra ordezkatzeko helburuarekin”.
2011ko hauteskundeetan, ezker abertzaleari jarritako debekuak tarteko, ezin izan zuen bere burua aurkeztu eta Gerdau enpresara itzuli zen. Bere zaletasunei dagokienez, mendia, ehiza eta lagunekin egotea atsegin zituen. Plazaola minbiziak jota hil da eta bere lagunek bere jarrera “eredugarria” izan dela diote. “Asko erraztu digu berarekin egotea eta bera izan da gu animatu gaituena. Pertsona irekia eta lagun ona zen. Familia eta lagunak asko zaindu ditu beti. Beti afariak eta irteerak antolatzeko prest zegoen. Alkate izan zenean, diru gutxirekin asko egin daitekeela erakutsi zuen”.