Udal arautegian aldaketak egin dituzte Zumarragan
Zumarragako udaletxean ere egin dute agintaldiko lehenengo osoko bilkura. Udal arautegian aldaketak proposatu dituzte udal gobernuko kideek (PSE-EE) eta onartu ere taldeak duen gehiengo osoari esker. Aldaketen gainean kontrako botoa
Zumarragako udaletxean ere egin dute agintaldiko lehenengo osoko bilkura. Udal arautegian aldaketak proposatu dituzte udal gobernuko kideek (PSE-EE) eta onartu ere taldeak duen gehiengo osoari esker. Aldaketen gainean kontrako botoa eman du EH Bilduk eta EAJ zein Irabazi abstenitu egin dira. Aldaketa horiek hausnarketa tailerrak egiteko aukera ireki dute eta mozioak talde bakar batek aurkezteari bidea eman diote. Beste aldaketa bat ere badago, hain zuzen, aurrerantzean liberatu gabeko zinegotziek osoko bilkuretara nahiz gobernu batzordera eta bestelako batzordeetara joateagatik diru saria jasoko dute.
Hausnarketa tailerrak parte hartzea bultzatzeko deitu ahal izango ditu Zumarragako Udalak. Tailer hauetan talde politikoen ordezkariak, udal teknikariak, herri erakundeen ordezkariak, gizarte erakundeak, sindikatuak eta edozein zumarragarrek parte hartu ahal izango dute. Bertan lantzen diren proposamenak dagozkien batzordeetara eramango dira. Ildo beretik, Rosa Maiza buru izango duen herri administrazio batzordeari hiritarren parte hartzearen alorra gehitu diote.
Mozioei dagokienez, orain artean bi taldek aurkeztu behar zituzten gutxienez. Aurrerantzean talde batek aurkeztuta nahikoa izango da mozioa osoko bilkuran eztabaidatu ahal izateko.
Ordainsarien atalean beste aldaketa bat proposatu, eta haren alde bozkatu zuten sozialistek, horrenbestez onartuta geratu zen. Hain justu, osoko bilkuretara, gobernu batzordeetara zein batzorde informatiboetara joateagatik ordainsaria izango dute zinegotziek. Osoko bilkura bakoitzeko 100 euro, gobernu batzordeagatik 85 euro eta batzordeengatik 60 euro. Liberatutako zinegotziek ez dute halako ordainsaririk izango.
Agintaldi berrian Mikel Serrano alkateaz gain (4.312,71 euro gordin hilean), Rosa Maiza alkateordea (3.881,44 euro gordin hilean) eta Arantxa Gonzalez (2.195,71 euro gordin hilean) ere liberatuta egongo dira.
Aldaketa PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten. EH Bilduk eta Irabazik kontra egin zuten eta EAJ abstenitu egin zen.