Aztiria auzoan Santa Marina jaiak ospatuko dituzte gaurtik igandera. Alegia auzoan, berriz, ‘madalenak’ dituzte ospagai, eta Joselu Anaiek 30. urtez kontzertua joko dute gaur
![Iazko patata-torila lehiaketa Aztirian](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/07/Aztiriako_jaiak.jpg)
Iazko patata-torila lehiaketa Aztirian
Asteburuan festetan murgilduko dira Aztiria eta Alegia auzoak. Aztiria Gabiriako eta Legazpiko udalerriei dagokion auzunea da; Alegia, berriz, hiru udalerritan banatzen da: Gabiria, Ezkio-Itsaso eta Ormaiztegi. Gabiriak, beraz, bi ospakizun izango ditu asteburuan, nahiz eta bi auzoak udalerriaren mutur banatan egon. Aspertzeko betarik ez dute izango behintzat, eta aukeran dute bata ala bestera joan.
Aztiriko festak Aztiri Bat elkarteak eta Aztiriko gazteek antolatzen dituzte bi udalen laguntzarekin, eta Alegiakoak auzoko elkarteak, hiru udalek babestuta. Aztiriko Santa Marina jaiak gaur arratsaldean hasiko dira, ezkil joaldiarekin eta suziri jaurtiketarekin. Auzotarren arteko bola eta toka txapelketa izango da segidan. Elustondo anaia-arreba trikitilariek girotuko dute iluntzea, eta Aztiri erretegira joango dira gero auzo-afaria egitera. Elustondotarren txanda izango da atzera, festa giroari goizaldera arte eusteko.
Santa Marina eguna bihar
Bihar larunbata ospatuko dute Santa Marina eguna. Meza nagusiaren ondoren , hamaiketakoa izango da auzotarrentzat. Arratsaldean, 16:30ean, helduen eta gazteen arteko futbol txapelketa izango da, Gaintzabal zelaian. Auzotarren artean ikusmina pizten duen ekimena da, inondik ere. Eta 18:00etan, tradizio bihurtu den patata-tortilla lehiaketa egingo dute 20. urtez. Bola lehiaketa ere jokatuko da. Iluntzean eta gauean festa giroa jartzeaz Gari eta Iñaki trititilariak arduratuko dira. Gauerdian txerri harrapaketa egingo da, eta txokolate jatea goizaldean.
Gabiriko txistularien goiz eresiarekin esnatuko da auzoa igandean, eta 11:00etan Aztiriko XI. Mendi Lasterketa jokatuko da. Mezaren ondoren, auzoko nagusienari omenaldia egingo diote, eta gero, Gabiriko Goruntz taldearen dantza saioa izango da. Arratsaldean herri kirolak izango dira: Xabier Aranburu Guzta harri jasotzen, eta Azurmendi eta eta Larrañaga aizkoran; eta ordu berean, Gipuzkoa mailako bola eta toka txapelketa.
![Aurten ere, iaz bezala, izango da mus txapelketarik Alegin](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/07/Alegiko_jaietako_mus_txape-300x225.jpg)
Aurten ere, iaz bezala, izango da mus txapelketarik Alegin
Sagardoa eta kontzertua
Alegian ere gaur hasiko dira Madalena jaiak. Txupinazioaren ondoren, ohiko sagardo festa egingo da. 21:00etan Dantzaki taldearen erakustaldia, eta 21:30ean herri afaria. Eta gauean, klasiko bat: Joselu Anaiak taldearen kontzertua. 30. urtez joko dute bertan, eta ez dute urte bakar batean hutsik egin.
Biharko eguna paella-jate herrikoiarekin hasiko da. Mus txapelketa izango da 17:00etan Zelai Ondo elkartean, eta herri kirol erronka 19:00etan: Eneko Otaño eta Eneko Saralegi aizkoran, eta Markel Galparsoro eta Aimar Aierbe korrikan. Afari herrikoiak itxiko du larunbata.
Eta asteazkenean, Madalena Eguna ospatuko dute. Eguerdian Meza Nagusia izango da, eta ondoren, Ezkio-Itsasoko abesbatzaren kontzertua eta Gabiriko Goruntz taldearen dantza ekitaldia. 17:00etan umeentzako puzgarriak izango dira.