Soldatak, dietak eta hiru liberazioak EH Bildurentzat ‘neurriz kanpokoak’ dira
Zumarragako EH Bilduk udaleko diru kutxari «neurriz kanpoko koskada» egingo dieten zinegotzien dietak, diru asignazioak, soldatak eta liberazioak salatu ditu. Agintaldiko lehenengo osoko bilkuran hartutako erabakiek eragindako ika-mikaren ardatzean zinegotziek
Zumarragako EH Bilduk udaleko diru kutxari «neurriz kanpoko koskada» egingo dieten zinegotzien dietak, diru asignazioak, soldatak eta liberazioak salatu ditu. Agintaldiko lehenengo osoko bilkuran hartutako erabakiek eragindako ika-mikaren ardatzean zinegotziek batzordeetara joateagatik kobratuko dituzten dietak –liberatuek ez dute ordainsaririk jasoko–, hiru liberazioak eta liberatuen soldatak daude.
Udalaren gastuan %25eko igoera eragingo du PSE-EEk onartutako dieta sistemak EH Bildukoek egindako kalkuluen arabera. Ez dituzte dietak beharrezkoak ikusten, «zinegotziek ezinbestean parte hartu beharko lukete batzordeetan, justifikatutako salbuespenik ezean». Batzordeetara joateagatik kopuru zehatza ezarri du Zumarragako udal gobernuak zinegotziko: udalbatzak (100 euro), gobernu batzarrak (85 euro) eta batzordeak (60 euro). «Kopuru jakin bat ezarri dute batzordeen iraupena zein den kontuan hartu gabe, hala hamar minutukoak nola bi ordukoak». Ez dute bidezkoa ikusten, bestalde, zinegotzi ez diren alderdietako ordezkariei batzordeetan parte hartzeko aukerarik ez ematea eta «zinegotziei dietak pizgarri gisa ezartzea». EH Bilduko kideen ustez, «insolidarioa da krisi garaiotan zinegotziko gastua handitzea».
Liberazioak «gehiegitxo»
Udal gobernuko hiru kide liberatu izana «gehiegitxo» iruditzen zaie, «erabat neurriz kanpokoa da zinegotzi kopuruarekin alderatuta». Agintaldi honetan Zumarragako udalbatza hamahiru zinegotzik osatzen dute bizilagun kopurua jaitsi eta 10.000tik behera dagoelako; aurrekoan, hamazazpi ziren. Harrituta hartu dute EAJren abstentzioa, «kanpainan zarata handia egin baitzuten liberazioak murrizteko».
Liberatuen soldatetan %3ko igoera onartu du udal gobernuak, «urtean 188.790 euro gehiagoko gastua eragingo duena. Gastu hori nekazaritza, berdintasuna eta ingurumen sailek batera duten aurrekontua da». EH Bilduren proposamena «soldaten inguruko eztabaida lasaia izatea zen. Krisi garaiotan langileon errentak eta erosteko ahalmenak %10 behera egin duenean, alkateak keinu bat egin ahal zuen».
350 MILA EURO INGURU
Diru hori aurreztuko litzateke agintaldi osoan (2015-2019) Zumarragako EH Bilduk proposatutako neurriak hartuz gero. Proposatutako neurriak: aurreko agintaldiko sistemari eustea zinegotzien lana eta parte hartzea ordaintzeko. Hiru liberazio beharrean bi liberazio. Alkatearen eta alkateordearen soldata %10 jaitsi.