Eguraldiak etena eragin du Liburuen Parkean
Atzora arte albistea zen aurten Liburuen Parkeak kanpoan egunero egin ahal izana. Uztailero liburutegiak kanpora ateratzen dituzte, hala Urretxun nola Zumarragan. Eguraldiak uda askotan zapuztu du egitasmoa eta barruan egon
Atzora arte albistea zen aurten Liburuen Parkeak kanpoan egunero egin ahal izana. Uztailero liburutegiak kanpora ateratzen dituzte, hala Urretxun nola Zumarragan. Eguraldiak uda askotan zapuztu du egitasmoa eta barruan egon dira kanpoan baino gehiago. Aurten salbuespena izan da kanpoan egoteko aukera eman dielako eguraldiak uztailaren 6an liburuak parkera atera zituztenetik. Atzo goizeko euri jasak traba egin zion egitasmoari uda honetan, lehenengoz.
Urretxuko Udal Liburutegiko Ane Arana oporretara joatear dauden bezeroen maileguak egiten ari zen atzo buru-belarri. Aurten euria baino, beroa nagusitu da Urretxuko Liburuen Parkean. Haurrak joan dira, baita umeen arduradunak ere, baina beroak kiskalita liburutegi barrura egin dute behin baino gehiagotan. Egitasmoak, bestelakoan, txikienei ezustea eragiten diela dio: «Sinisteko zaila den arren, haur batzuk Urretxun liburutegia dagoela egitasmoaren bidez jakiten dute».
Zumarragan euriak bakardadean utzi zuen atzo Irati Alfonso Liburuak Parkean egitasmoko dinamizatzailea. Iaz ere liburu parkearen ardura izan zuen eta aurten jende gehiago dabilela dio: «Haur txikiak datoz, gehienak aiton-amonekin». Askok ez dakite irakurtzen eta Alfonsok ahots goran irakurri dizkie ipuinak, Frozen eta Rapunzel izan dira eskatuenak. «Batzuetan egunero etorri zaizkit liburu berarekin eta luzeak zirenean irakurri gabe kontatu dizkiet».
Ipuinez gain, mahai jolasak eta margotzeko orriak zein errotulagailuak eskura izan dituzte haurrek. Helduek egunkariak eta asteburuetako aldizkariak eskatu dituzte gehien.
Irene Gonzalez Zumarragako Udal Liburutegiko arduradunak liburutegiarentzat osagarri ona dela dio. Parkea martxan jarri zutenean 8-12 urteko haurrentzat materiala ateratzen zuten, «orain badakigu txikiagoak direla etortzen diren umeak eta haientzat prestatzen dugu».