Eguzkia arretaz hartzeko gomendioa eman du Aecc-ek. Bihar Beasainen unitate ibiltaria jarriko dute Gernika pasealekuan.
Minbiziaren Aurkako Elkarteak eguzkitatik babesteko neurri egokiak hartzea gomendatzen du.
Aecc, Minbiziaren Aurkako Elkartea herriz herri dabil azaleko minbiziaren aurkako sentsibilizazio kanpainarekin. Ekainaren 22tik uztailaren 28ra bitartean, Gipuzkoako hemeretzi herritan (tartean Legorretan, Ormaiztegin eta Zumarragan) ariko da eguzkia hartzeko aholkuak ematen eta azala aztertzen. Bihar, 10:00etatik 13:00etara Beasaina iritsiko da unitate ibiltaria. Gernika Pasealekuan jarriko dute informazio postua.
Besteak beste, gizarteari ondorengo mezua helarazi nahi diote: eguzkia hartzeko era desegoki batek larruazaleko lesioak eta gaixotasun larriak eragin ditzakeela. Era horretan, uda garaian ez ezik, urte guztian eguzki erradiazioetatik babestea oso garrantzitsua da. Bihar goizean Beasainen Aecc-ren unitate ibiltari bat izango da beasaindarrak eta goierritarrak eguzkia hartzeko ohiturei buruz sentsibilizatzeko helburuarekin. Liburuxkak banatuko dituzte, eguzkia hartzeko gomendioak azalduz eta azalaren autoebaluaketa egiteko argibideekin.
Batez ere haurrengan arreta berezia jartzea gomendatzen du Aecc-ek, haurtzaroko edo gaztaroko erredurek etorkizunean azaleko minbizia sor dezaketelako.
Adituek diotenez, larruazalak oroimena du, beraz, eguzkiak aztarna ahaztezina utz dezake larruazalean. Era berean, interesatuta dauden pertsonei bere azaleko melanina maila neurtuko zaie, eguzkiaren aurrean egon daitezkeen denbora jakin dezaten.
Minbizietan ugariena da azalekoa, baina ez da hilgarriena. Garaiz antzemanez gero, hamarretik bederatzi kasutan azaleko minbizia senda daiteke. Kanpoko organoa da eta miaketak eta azterketak norberak egin ditzake. Aecc-ren diagnostiko goiztiarra egiteko Abcde metodoa praktikan jartzea gomendatzen du.
Alerta zeinuak
Larruazalaren lesioak erraz antzeman daitezke, aldizka gorputzeko atal guztiak aztertuta. Horretarako lagungarria da ahalik eta ispilurik handiena eskura izatea. Esku ispiluaren laguntzarekin, gainera, gorputzaren atzeko aldea aztertzea komeni da. Larruazaleko minbiziaren lesioek itxura desberdina izan dezakete, baina arreta berezia jarri behar da ezkatak dituen edo eta odola isuri dezaketen orbanetan (normalean, gorriztak), noduluetan (goraguneak edo irtengune biribilak) eta orbaintzen ez diren ultzeretan. Melanoma dagoela susmatzen da alerta zeinu horietako bat edo gehiago, edo larruazaleko bestelako ezaugarri anomaloak (odol isuria, hantura, gorritasuna, gogortzea, azkura…) azaltzen direnean.
Melanomen alerta zeinuak ondorengoak dira: melanomak asimetrikoak izatea, ertz irregularrak edukitzea eta uhinak egitea. Orinek marroi kolore homogeneoa izaten dute, marroi argia edo iluna; melanomek, berriz, bi tonu edo gehiago izaten dituzte, marroia, gorrizta eta beltzaxka. Horretaz gainera, melanomek orokorrean sei milimetro baino gehiagoko diametroa dute eta hazten eta itxuraz aldatzen joaten dira.
Eguzkiaren kaltea murrizteko aholkuak
- Ura edan maiztasunez. Ondo hidratatutako azalak gehiago babesten du eguzki izpietatik.
- Aire librean. Aire libreko ekintzak egiteko ondo babestu.
- Kremak. Babes handiko kremak dira eguzki izpietatik zaintzen dutenak. Bi orduz behin eta bainuaren ondoren beti eman behar da krema babesgarria.
- Gainerako babesgarriak. Eguzkitan jarriz gero, eguzkitakoak, txapelak, kamisetak… jarri babesteko.
- 14:00etatik 16:00etara. Eguzkia hartzeko garairik txarrena 14:00etatik 16:00ak artekoa da.
- Denbora luzez ez. Denbora luzez eguzkitan egotea saihestu eta begiak eguzkitako betaurrekoekin babestea komeni da.