«Musika mota guztiak dira interesgarriak eta beti ikasten da zerbait»
Bizitza osoa musikari lotuta egin du Fredi Pelaez lazkaotarrak. Duela sei urte, bere amets bati forma eman eta Pottoko Studio grabaketa estudioa ...
Bizitza osoa musikari lotuta egin du Fredi Pelaez lazkaotarrak. Duela sei urte, bere amets bati forma eman eta Pottoko Studio grabaketa estudioa zabaldu zuen. Urte gutxian, jazz eta musika akustikoen arloan erreferente izatea lortu du, eta genero horretakoak ez ezik, beste estilo askotako musikariak ere joaten zaizkio ate joka.
Ez da ohikoa ibilbide bat egin duen musikari bat estudioan teknikari lanetan ikustea. Aspalditik al zenuen ideia hori buruan?
Askotan esaten dut, hau izan dela nire bizitzako kapritxoa. Musikariok beti izaten dugun arazoa da non aritu, non jo. Etxean zeure kasa jo dezakezu, baina taldean aritzeko lokal bat behar da, eta beti arazoak izaten ditugu tokiarekin. Zentzu horretan, niretzat estudioak hainbat behar betetzen zituen; batetik hori, nire isats-pianoa sartzeko tokia izateaz gain, ondo prestatutako leku bat izatea. Denok aritu gara udalak edo utzitako lokaletan, baina toki aproposago bat edukitzea beste gauza bat da; hau niretzako etxean egotea bezala da.
Eta grabaketa aldetik, lehendik al zenuen zaletasun hori?
Soinu munduan gaztetatik nola ibili naizen, arlo horretan zer edo zer egiteko aukera ikusten nuen. Ez zen bapateko zerbait izan. Musikari gehienok bezala, etxean banuen nire ‘estudiotxoa’, neure grabaketak-eta egiteko. Gero pixkanaka hasten zara beste norbaitentzat lokalean grabaketak egiten, pistak etxera eraman eta nahasketak egiten… Eta iristen da une bat esaten duzuna: izango banu nik neure txoko bat, jendea etorri eta bertan grabatzeko…
Bestalde, ni jazz munduan mugitu izan naiz, eta hutsune bat ikusten nuen hor. Garai batean bazirudien jazz musikarien mugimendu bat egon zitekeela hemen, baina grabatzeko garaian zailtasunak zeuden, piano bat sartzeko edo hainbat musikarik batera grabatzeko. Beste musika estilo batzuetan teklatuak eta nahikoak dira, adibidez pop edo rock estiloetan; baina musika akustikoetan, jazzean edo klasikoan adibidez, zaila da inguruko estudioetan horrelako tokia izatea. Baina nik nola pianoa izan behar nuen, aukera ikusten nuen genero jakin batzuetako musikariek beraien neurrira egindako estudio bat izan zezaten.
Lokal dotorea daukazu hemen.
Beno, estudio handiagoak badaude, hemen dagoena dago, baina ondo moldatzen naiz. Grabatu izan ditut zortzi edo bederatzi lagun batera jotzen. Eta emaitza onarekin. Ezaugarri horietako estudio asko ez daudenez, giro honetan mugitzen den jendearen artean zabaldu egin da, eta azken aldian Nafarroatik, Bartzelonatik, Kanarietatik… etorri zait jendea.
Musikarien artean ahoz ahokoak funtzionatzen du beraz.
Bai. Batez ere musika estilo jakin batean, zabaltzen ari da Goierriko txoko batean badagoela tipo bat, musika mota horretaz badakiena, musikaria dena, eta gainera ondo grabatzen duena.
Zentzu horretan, izen bat duen jendea kanpotik etortzeak, zerbait esan nahiko du.
Normalean honera etortzen zaidan jendeak badaki zertara datorren. Musika estilo jakin batean aritzen dira eta erreferentziaren batekin etortzen dira; hemen grabatu duen beste norbait, entzun duten grabazioren batetik, edo beste produktore batzuek aholkatuta.
Zu musikaria izateak eragin handia izango du, batez ere elkar ulertzerako garaian.
Asko eragiten du. Nik uste musika grabatzen aritzen den edozein, neurri batean musikaria dela. Gehienek instrumenturen bat jo izan dute edo talderen batean aritutakoak dira. Baina ezohikoa dena da, formazio musikal bat duen norbait teknikari lanetan aritzea.
Musikariek asko eskertzen beraien hizkuntza ulertzea. Botoiak sakatzen ari den tipo horrek beraiek nahi dutena ulertzen duela jakiteak lasaitasuna ematen die. Beraien taldekide bezala sentitzen zaituzte. Ni ere egona naiz beste aldean, eta egoten naiz, eta horregatik hobeto ulertzen dut hor dagoena.
«Estudioa muntatu nuenean, helburua jazz munduan erreferentzia bat izatea zen»
«Musikariek asko eskertzen dute beraien hizkuntza ulertzea, lasaiago egoten dira»
«Nire proiektuak aurrera ateratzea zailagoa egiten zait, baina ez naiz inoiz jo gabe egon»
«Jazz arloan oso zaila da kontzertuak bilatzea; ate asko jo behar dira»
Oso zorrotza al zara zure lanean? Ala musikariei beraiek nahi dutena egiten uzten diezu?
Lan mota ezberdinak daude. Honera etorri zaizkit izen handiko musikariak, Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Javier Colina… estatu mailan jazz munduan lehen mailan dabiltzan musikariak. Eta poza ematen du ikusteak horrelako musikariek nola kontuan izaten duten zuk esandakoa. Haien ondoan txikiagoa sentitzen zara, eta pentsatzen duzu: nik zer esan behar diet hauei? Baina gero ikusten duzu galdetu egiten dutela, iritzia eskatzen dizutela, eta zuk esandakoa kontuan hartzen dutela. Kontrako kasua ere gertatzen da, musikari batzuk laguntza gehiago behar dute. Edo diska bat hasieratik bukaeraraino ekoitzi behar duzunean; adibidez kantautore bat bere kantekin etorri, eta arreglo guztiak eta musika guztia zuk sartu behar diozunean. Eta horretarako behar den guztia egin, gidaritza eraman, musikariak ekarri, koordinatu, moldaketak egin, idatzi behar denean idatzi…
Beraz ekoizle lanak egitea ere tokatzen zaizu.
Taldearen arabera. Ibilbide bat duten edo pixka bat finkatuta dauden taldeekin ez dago askorik egin beharrik; iritsi, jotzen hasi eta denak funtzionatzen du. Askotan grabaketak oso erraz joaten dira. Batzuk pentsatzen dute tekniko batek sekulako lana hartu behar duela soinu on bat lortzeko, baina gauzak aurrez ondo eginda eta prestatuta badaude, mikrofonoak jarri eta bere kasa joaten da, ez dago ukitu ere egin beharrik. Musikariak sortzen du soinua, ez teknikariak. Beste batzutan teknikariaren laguntza gehiago behar izaten da, baina printzipioz gauzak ondo badoaz, bere bidea egiten uztea gustatzen zait.
Lan ezberdin horietan zein da gehien betetzen zaituena?
Estudioa muntatu nahian hasi nintzenean, nire asmoa zen jazz musikaren munduan eta grabaketa arloan erreferentzia bat izatea. Agian gu geu gara gure ikuspegiari mugak jartzen diogunak, eta egia esan, ez nuen espero beste musika estilo edo esparru batzuetara iristea. Eta nire sorpresarako, beste lan mota batzuk sortzen hasi zitzaizkidan.
Barietate hori gustuko al duzu?
Bai. Azkenean musika guztiak dira interesgarriak, eta grabazio bakoitzetik ikasten da zerbait.
Eta zure musikari ibilbideari dagokionean, estudio bat izateak uzten al dizu denborarik zeure proiektuetarako?
Musika proiektu pertsonalak aurrera ateratzea zailagoa egiten zait orain. Baina egia da inoiz ez naizela ezer egin gabe egon. Organiks ez bada Dinamic Trio hirukoarekin; bi aste barru gainera, Donostiako Jazzaldian joko dugu. Baina jazz arloan oso zaila da kontzertuak bilatzea; ate asko jo behar dira, eta lanpetuta bazabiltza, indar gutxiago jartzen duzu horretan.
Azkenean bizitzak jartzen zaitu behar den tokian, eta estudioko lanetan aritzearena, nire bizitzako filosofiari emandako erantzun bat zen. Gaztetan, hogeita gutxi urterekin, jendeak animatzen ninduen Madrilera joan, eta han musika arloan lan onen bat bilatuko nuela esanez. Baina niri atzera egin izan dit beti horrek. Ni gustura nengoen nire Goierrin. Eta beti inguruan jotzen aritu gara. Eta ez da pasa urte bat musika jo gabe egon naizenik.