Gure Esku Dagok Kataluniara eramango du erabakitzeko eskubidearen aldarria
Dantzariak, trikitilariak, joaldunak, herri kirolariak eta talogileak joango dira Goierritik.Elkartrukearekin bi herrien arteko harremanak sendotu nahi dituzte.
Goierriko Hitza
Goierri
Bartzelonako Sant Vicenç del Hors (Herrialde Katalanak) herrira joango dira asteburuan Gure Esku Dagoko taldeko hainbat kide. Iazko ekainean eta aurtengo apirilean kataluniarrak Goierrin izan dira erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintzetan parte hartuz. Orain, goierritarrak Kataluniara joanda, bi herrien arteko harremanak sendotu nahi dituzte. Herriko festak dituzte bertan.
Autobusez joango da 80 laguneko taldea: besteak beste, dantzariak, trikitilariak, herri kirolariak, joaldunak eta talogileak joango dira taldean. Gure Esku Dago taldearen koral kolorez jantziko dute asteburuan San Vicenç del Hors herria. Andoni Mikelarena Beasaingo Gure Esku Dago taldeko kideak dioenez, «Sant Vicenç del Hors koral kolorez blaitu nahi dugu, bertara ere iritsi dadin erabakitze eskubidearen aroaren deiadarra».
Kataluniarrei ezustekoa prestatu diete goierritarrek: castellersa edo giza gaztelua. Goierrin bizi diren hainbat kataluniarren eta Interneteko bideoen laguntzarekin, hiru pisuko giza gaztelua egiten ikasten aritu dira uztaila osoan zehar.
Harreman aberatsa
Iazko ekainean izan zuten goierritarrek eta kataluniarrek elkarren ezagutza. Ekainaren 8an Gure Esku Dagok antolatutako giza katera 150 bat lagun etorri ziren, Iruñean, giza katea bukatzen zen lekuan giza gaztelua egiteko.
Beasainen herriko festak ziren data hartan eta Beasaingo Gure Esku Dago taldeari herriko festetan erakustaldi bat egiteko aukera eskaini zieten. Gonbitea onartu egin zuten beasaindarrek: «Erakustaldi hartatik oso harreman polita sortu zen. Huraxe izan zen gure harremanaren hazia, denbora pasatu ahala ernatu dena», dio Mikelarenak.
Aurten ere bisitan etorri dira kataluniarrak Goierrira; apirilaren 25ean eta 26an ehuntze egunaren astearen barruan etorri ziren. «Larunbatean giza gazteluen erakustaldia egin zuten Beasainen eta igandean Igartzan erabakitzeko eskubidearen inguruko hitzaldian parte hartu zuten. Lazkaon ere egin zuten erakustaldia».
Lehenengo urteko bisitatik eta esperientziatik Beasaingo Udala Sant Vicenç del Horseko herriarekin anaikidetzarako egin beharrak egiten hasi zen. Era berean, «kataluniarrek aipatu ziguten ederra izango zela Beasaingo herritar batzuk uztailaren 25eko asteburuan San Vicençera joatea, herriko festak ospatzen dituzte eta». Aurrera begira bi herrien arteko elkartrukearekin jarraitu nahi dute. «Oso harreman polita sortu da bi herrien artean, eta hori mantendu beharra dago».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.