Marcelo Usabiaga ezkerreko militante historikoa hil da, 98 urte zituela
Berria egunkariak jakinarazi duenez, Marcelo Usabiaga militante komunista hil da, 92 urte zituela. Ordizian jaio zen Usabiaga 1916an, nahiz lau urterekin Baionara eta gero Irunera bizitzera joan. Hogei urte zituela harrapatu zuen 36ko Gerrak. PCEko militante zen, eta Euskal Brigadekin aritu zen borrokan, Irunen, Intxortan, Madrilen, Asturiasen eta beste zenbait lekutan, harik eta Valentzian atxilotu zuten arte. Roxa Luxemburgo batailoiko buru ere izan zen.
Atxilotu berritan, bere kontrako heriotza zigorra eskatu zuten, baina azkenean 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Valentziatik Arroara (Zestoa, Gipuzkoa) eraman zuten, destakamentu batera. Baina haren izena zabaltzen hasi zenean, mendira ihes egin zuen Usabiagak, 1943an. Makiekin aritu zen borrokan, baina urtebete beranduago, 1944an, Donostian atxilotu zuten. Urtebete kalabozoan eta bakartuta pasa zuen; guztira, 21 urte egin zituen kartzelan, horietatik 15 Burgosen.
Aurtengo apirilean, Intxortako lubakietan defentsan aritu ziren hamasei gudari omendu zituzten Elgetan. Horien artean zen Marcelo Usabiaga ere. 2011. urtean, hari egindako elkarrizketa argitaratu zuen Berria egunkariak.