Idiazabalgo Kalbarioko Amaia Alkortak uda-udazken fruta garaiari hasiera eman dio aran gorri eta beltzekin, sagarrekin eta udarekin. Aire libreko generoa ugaritzen ari da, eta lehen piperrak agertu dira azokan.
Patxi Arizmendik ekarritako lehen babarrun txuri freskoa Leitzara joan zen
Atzoko azokatik ere zer kontatua bada. Batetik, hemengo fruta aukera zabaltze aldera hasi da urtero garai honetan egin ohi duen legez Amaia Alkortak Idiazabalgo Kalbariokoak. Momentuz, jateko punttu punttuan, Kardinale sagarra eta Morentini udara, eta bi aran mota (beltza Purple majesty eta gorria Fortune). «Beltza segittuan jateko gozo gozoa dago. Hau urriago izaten da; lorea beranduago ematen du apirila aldera eta askotan euriak hontatu izan du. Gorria, berriz, lehenago loratzen da, otsailean eta orain dago prest, eta gehixeago irauten du» esan zigun Amaiak. Denak iazko prezio berean, 2,5€/k.
Arrakasta duen beste produktu bat ekarri zuen Aramako Patxi Arizmendik: babarrun zuri freskoa. Gazteleratik hartutako potxa izenez esan ohi zaio eta nagusitzen ari da horrela izendatzea. Azken urteekiko bi asteko aurrerapenarekin dira salgai babarrun zuri hauek. Leitzako bezero batek erosi dizkio goiz asko, 10€/k.
Aire libreko generoa ugaritzen doa. Piperminak eta piper ezti luzeak ekarri dituzte. Eta lekei dagokionez, Ordiziako bezeroen artean estimatuena den ‘itaie’ hasi da; igitai formari zor dio izena, 5€/k.
Garaian garaikoa ikusgai
D’elikatuzek bultzatuta, ferian garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzeko ekimenen artean, Ordizia bertako Martinez jatetxeko Xabier Martinez sukaldariaren gutiziak izan dira dastagai. Hegaluzea eta barazkiekin -tomate, tipula gorri, pipermin…- bi plater osatuko dituela kontatu digu, tripa zorriak sortze adineko detailez: «bixi-bixi entsalada, eta hegaluze bentreska egingo ditut, sartzea eta plater nagusi gisa. Hotza eta epela…». Dudarik ez, parean tokatu diren feriazaleen gozamenerako izan zen.
Urtero bezala herriko festen inguruan, aurten ere Argi Berri elkartekoak tonbola ireki dute feria ordutan, Goierriko bertso eskolaren alde.