Euskal Herriko Trontza Txapelketan iazko hirugarren postua errepikatu du, baina denbora hobea eginda
Igor Esnaola segalaria lan-saio batean, Alatzne Etxaburua zorrotzailea lagun duela. / I. Gurrutxaga
Igor Esnaolak legorretar segalariak aurreko bi urteetan lortutako Euskal Herriko txapela defendatuko du aurten ere. Atzo jokatu ziren Aian bi kanporaketa saio, zortzi segalari bi multzotan bananduta. Esnaola bigarren geratu zen bere txandan (949 kilo), Jesus Mari Ormaetxeak
Urki irabazleak baino 30,5 gutxiago ebakita. Hirugarren Iban Pardo izan zen (923 kilo) eta Andoni Urrutia (726,5 kilo) laugarren. Horrenbestez, Urki eta Esnaola sailkatu ziren finalerako lehen kanporaketan.
Bigarrenean, Julen Gabirondok (804,5 kilo) eta Jon Kaflankak (711,5 kilo) lortu zuten finalerako txartela. Mikel Berakoetxea (607,5 kilo) eta Iñigo Mercader (594,5 kilo) sailkatu ziren hirugarren eta laugarren. Hasiera batean, finala abuztuaren 16an jokatuko da Aian, baina belarraren egoeraren arabera litekeena da aldaketaren bat egotea. “Segan ez nintzen gustura aritu, ezin libratu, baina finalerako sailkapena lortu dugu”, adierazi du Esnaolak.
Trontzan hirugarren
Goizean segan aritu bazen, arratsaldean Euskal Herriko Trontza Txapelketaren finala jokatu zuen Esnaolak, Xanti Aizpurua zizurkildarra lagun zuela. Iaz bezalaxe, hirugarren postuan sailkatu ziren, Barberena anaien eta Eugi-Kañamares bikoen atzetik. Segan baino hobeto ikusi zuen bere burua Esnaolak trontzan, eta gustura dago iaz baino minutu eta zerbait gutxiago behar izan zutelako lana osatzeko.