Ohorezko agurra dantzatzen, gaur, errepresaliatuen omenez jarritako eskulturaren parean. / I. Gurrutxaga
Beasaingo fusilatuen aldeko herri ekimenak antolatuta, 1936ko uztailaren 27tik 28rako gau beltza gogora ekarri dute gaur arratsaldean, fusilatuen omenez Igartzan jarritako eskulturaren ingurumarian. Ohorezko aurreskua, irakurle taldeko hiru kideren irakurraldiak eta lore eta kandela eskaintza izan dira omenaldiaren ardatzak. Errepublikaren aurka altxatutako militarrak eta erreketeak Beasainen sartu ziren gau hartan, ondorio latzak utziz. Egun seinalatu horretan hildakoak, eta ondorengo hilabete eta urteetan hildakoak oroimenean hartuta, monumentuaren jiran elkartzen dira dozenaka beasaindar 2012az geroztik. Iaz bezalaxe, udalak ere xingola belzdun ikurrina eskegi du udaletxeko balkoian.