Santanazaleen eskudantza egin dute Ordizian
Ordiziako jaietan tradiziorik handiena duen ekitaldia, Santanazaleen eskudantza egin dute gaur. Bost mendetik gora dituen ohitura honek bizirik dirau oraindik. Aurten, 11 bikote ezkonberrik parte hartu dute bertan. Aurrena udaletxean bildu dira denak, Ordiziako eskudantzako maisu izan zen Joseba Juarezi omenaldia egiteko. Haren senideei agurra dantzatu eta oroigarri bat eman diete, eta minutu bateko ixilunea ere gorde dute. Joan den astean ere, gogoan izan zuten Juarez, Ordiziako Santanazaleak liburuaren aurkezpenean.
Udaletxeko ekitaldia bukatuta, hamabietako kanpaiekin batera plazara atera dira gizonezkoak, txistulariek lagunduta. Lehen agurra eta itzulia egin ondoren, emakumezkoak jaisten joan dira. Bukaeran, guztiek elkarrekin egin dute dantza. Ordizian ikusmin handia sortzen duen ekitaldia da, eta plaza ingurua jendez beteta zegoen eguerdian.