Alex Aranburu. / Maialen Igartua
Cafés Baqué-Conservas Campos taldearekin egin du denboraldia Alex Aranburu (Ezkio, 1995) txirrindulariak, afizionatu mailan. Orain, berriz, pauso bat gehiago emango du, izan ere, Murias Team taldearekin hiruzpalau lasterketatan parte hartuko du, proba modura. Txirrindulari profesionalekin ariko da, hortaz. Gustura dago ezkioarra, eta emandako aukera ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko dela adierazi du.
‘Stagiaire’ moduan hartuko zaituztela jakinarazi du orain gutxi Murias Team taldeak. Zer esan nahi du horrek?
Talde profesionalek aukera dute pare bat txirrindulari proba modura hartzeko. Murias Teamen kasuan ni bakarrik hartu naute, lasterketa gutxi dituztelako. Hiruzpalau lasterketa egingo ditut beraiekin, probatzeko.
Nola hartu duzu berria?
Lehendik banekien zerbait, baina aurreko astean baieztatu zidaten. Oso pozik nago, horrelako aukera bat ez baita egunero izaten. Orain gainera txirrindularitza ez dago oso ongi hemen, talde gutxi daudelako. Beraz, niretzat aukera handia da. Eskerrak ematen dizkiet bai taldeari eta bai Jon Odriozolari aukera hau emateagatik eta niregan konfiantza jartzeagatik.
Murias Team taldea orain gutxi sortua da, baina gutxika tokia egiten ari da, ezta?
Bai, nahiko ondo dabiltza. Postu politak lortu dituzte, batez ere, Frantzian. Ea aurrera jarraitzen duten, Euskal Herriko txirrindulari gazteontzat aukera ona baita. Gainera, beste bi goierritar ere badaude taldean, Garikoitz Bravo eta Jon Ander Itsausti. Horiek ezagutzen ditut, beraz, uste dut gustura egongo naizela.
Zein lasterketa egingo dituzu Murias Teamekin?
Ostiral honetan Getxon izango gara. Ea zer moduz ateratzen den. Gainontzeko lasterketak irailean izango dira, Frantzia aldean, baina oraindik ez dakit ziur non eta noiz.
Zertarako balioko dizute lasterketa horiek?
Batez ere, ikasteko. Azken finean dena desberdina da. Beste lasterketa mota batzuk dira, erritmoa ere desberdina da, taktikak ere landuagoak… Salto handia izango da niretzat. Gazteen mailatik afizionatuetara pasa nintzenean salto handia izan zen, eta hau ere ala izango dela pentsatzen dut. Gehiago saiatu beharko naiz hemendik aurrera. Gogoz nago salto hori emateko.
Zein helburu jarri diozu zure buruari Muriasekin egingo dituzun lasterketetarako?
Gauzak ahalik eta ongien egitea eta lasterketak bukatzea izango da nire helburua. Eta ikastea. Azken finean, taldeak eman didan aukera aprobetxatzea.
Lasterketa horietan ongi ibiliz gero baduzu esperantzarik taldean geratzeko?
Oraindik ez dakit. Niri gustatuko litzaidake taldean hartzea, baina ikusi egin beharko da.
Fisikoki nola zaude momentu honetan?
Denboraldiaren erdialdera eduki nuen beherakada bat, baina orain berriro goraka ari naiz, eta gustura nago. Espero dut datozen lasterketetan ere ongi sentitzea. Latz sufritu beharko dut, baina beno.
Zure puntu indartsuak zein dira?
Batez ere goranzkoan ibiltzen naiz ondo.
Baque-Campos taldearekin egin duzu denboraldi hau, lehen aldiz afizionatu mailan. Zer moduzko balorazioa egiten duzu?
Ez dut lasterketarik irabazi, baina nire postutxoak egin ditut. Kanpoan ere egin ditugu lasterketak, eta nahiko ondo ibili naiz. Niretzat pauso bat gehiago izan da, eta ikasteko, behintzat, balio izan dit. Frantzian, Belgikan eta Italian izan gara, besteak beste, eta hango lasterketak nolakoak diren ikusteko aukera izan dut.
Ziklokrosean jarraitzen al duzu?
Aurten lasterketa batean hartu dut parte, baina nahiko utzita daukat. Errepideari ematen diot lehentasuna, badaezpada. Izan ere, duela pare bat urte lesio nahiko larria izan nuen ziklokrosean: bi eskumuturrrak hautsi nituen.
Ikasketak ere bukatu dituzu dagoeneko, ezta?
Bai, aurten bukatu dut mantentze lanen goi mailako zikloa, eta praktikak ere egin ditut. Hortaz, orain txirrindularitzari eskainiko diot nire denbora. Hori da nire helburua, eta saiatu egin beharko naiz, behintzat.