Aralarren egin dituzten arkeologia-ikerketak ezagutzeko irteera antolatu du Parketxe Sareak
Abuztuaren 8an izango da, Lizarraustiko parketxetik irtenda
Ibilaldi gidatua izango da, Joxean Mujika Alustizak gidatuta. Pikuetaondarra-Naparbide eremura izango da irteera, eta azken boladan inguruan egin dituzten berreskuratze lanei buruzko informazioa emango du. Lizarraustiko parketetxea izango da irteera gunea (Ataunen) eta oine ordu beteko ibilaldia egin beharko da. Baina Gipuzkoako Parketxe Saretik jakinarazi dutenez, “bidea erraza bezain ederra da”.
Irteera bost ordu ingurukoa izango da (09:00etatik 14:00etara) eta bost euro ordaindu beharko da. Izena emateko edo informazio gehiago nahi duenak 943 18 03 35 edo 688 89 50 69 telefonoetara deitu behar du, edo mezu bat bidali barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera. Nahi izanez gero, Gipuzkoako Museoen webgunera ere jo liteke.
Aztarna arkeologiko ugari
Antolatzaileek emandako informazioaren arabera, “gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna bitzen dituen inguruak: trikuharriak, zistak, monolitoak, baratzak (cromlechak)…”. Gainera, oraindik amaitu gabe daude ikerketa lanak eta “baliteke oraindik aurkikuntza gehiago egitea”.
Aralarren “duela ez hainbeste” aurkitutako giza-aztarna zaharrenak (Neandertalek egindako tresnak) Pikuetaondarren azaldu zirela ere gogoratu dute parketxe saretik. Aurkikuntza horiek guztiak EHU Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologia titularra den Mujikak zuzendutako ikerketa taldeak egindakoak dira, Aralarren urteak baitaramatzate lanean.