Liga erregularra hasi bitartean lagun arteko beste lau partida jokatuko ditu.
Beasain Kirol Elkarteko nagusien futbol taldeak larunbatean jokatu du denboraldia prestatzeko lehen partida Gasteizko Betoño zelaian C.C. Vitoriaren aurka, eta 2 eta 1 galduta itzuli da etxera. Lehen partida hori lehiaketaren erritmoa hartzen hasteko eta jokalari berriei minutuak eskaintzeko baliatu ditu Beasainek.
Lagun arteko beste lau partida jokatuko ditu Beasainek liga erregularra hasi aurretik. Ostiralean, San Inazio egunean, Real Union taldea hartuko du Loinatzen, 18:00etan. Abuztuaren 8an, larunbata, Berioren aurka ariko da Zubietan (10:30); abuztuaren 13an Azkoitiko Txerloian jokatuko du Anaitasunaren aurka; eta abuztuaren 15ean Hernani izango du aurkari Loinatzen. Hirugarren mailako liga abuztuaren 22an hasiko da, eta azken denboraldietan bezalaxe, 2.B mailara igotzeko fasea jokatzea da Beasainen helburua.