Gaur izendatuko dute Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusi
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaur ebatziko du ormaiztegiarraren izendapena. Irizarrek ibilbide nabarmena du tokiko euskarazko komunikabideen sustapenean, eta 2012-2014 aldian Euskaltzaleen Topagunea mugimendu sozialaren presidente eta Tokikom tokiko komunikazio taldearen presidente ere izan da.
Komunikabide ezberdinetako hainbat saiotan kolaboratzaile aritzeaz gain, Debagoiena eskualdeko hedabideen sorkuntzan eta hedapenean lan garrantzitsua egindakoa da, zein Arrasate Press aldizkarian eta Arrasate Telebistaren hastapenetan. 1990ean Arrasate Komunikabideakeko presidente sortzaile izendatu zuten eta 1999an Goiena proiektuaren arduraduna izan zen. Ondoren hortik eratorritako kooperatibako lehen zuzendari nagusia ere izan zen Irizar.
2011ra arte Kutxan aritu zen lanean, lan administratiboetan zein gizarte-ekintzaren esparruan. Ormaiztegin jaioa da Irizar, eta 61 urte ditu.