Lazkaoko Udalak hamar puntuko gai ordena zehaztu du biharko osoko bilkurarako, eta tartean bost puntu dira nabarmendu daitezkeenak. Koordinazio sozio-sanitariorako protokoloa izango dute hizpide puntu horietako batean, eta kale berri bati zein izen jarri ere bai. ‘Herriko tabernen’ auziaren inguruko mozioa ere eztabaidatuko dute udalean ordezkaritza duten alderdiek.
Baina punturik nagusienak beste bi izango dira; izan ere, zabor bilketa sistema kontenedore bidez egiteko eskaera Sasietari luzatu edo ez erabaki beharko dute, eta Goiekiko Administrazio Kontseilurako ordezkarien proposamena ere egingo dute.
Gai horiez gain, 2014ko kontu orokorrak eta kreditu aldaketek osatzen dute gai ordena. Osoko bilkura 19:00etan izango da, Lazkaoko udaletxeko areto nagusian.