'Pelo Malo' filma ikusi ahalko da bihar Ataunen
Murkondo Kultur Elkarteak antolatutako Zinema Gau Giroan egitasmoaren bigarren saioa bihar izango da. Pelo Malo film venezuelarra ikusi ahalko da, 21:30ean, San Gregorioko plazan.
Mariana Rondon zuzendariaren lana da Pelo Malo filma; drama du oinarrian, eta txirotasuna eta haurtzaroa ditu hizpide. Samuel Lange, Samantha Castillo, Beto Benites, Nelly Ramos eta Maria Emilia Sulbarán dira aktoreak. Juniorren bizitza kontatzen du Rondonek, ile kizkurra duen bederatzi urteko umearen bizitza. Ilea leundu nahi du eskolako urtekariko argazkirako, hala baitute ilea modako pop artistek. Nahi horrek, baina, amarekin liskarrean aritzea ekarriko du, oinarrian Juniorrek nahi duen bakarra amarentzat polita egotea baita, nahiz eta amak geroz eta gehiago baztertzen duen.