Zubierrekako hesia, puskatuta / Lazkaoko Udala
Uda garaian Zubierrekan dagoen presan sortzen diren arazoak ekiditeko bertan dagoen zubian hesia jartzea erabaki du Lazkaoko Udalak. Zehaztu dutenez, metalezko hesia jarri dute, jendeak bertatik errekara salto ez egiteko. “Azkenaldi honetan gazte asko gerturatzen dira Zubierrekara, batzuk lazkaotarrak, baina inguruko herrietakoak ere bai, eta istripuak saihesteko” jarri dute sarea. Zehaztu dutenez, Beasaindik, Ordiziatik, Ormaiztegitik eta Zumarragatik ere gerturatzen dira gazteak Zubierrekako presara.
Orain artean, udaltzainek gazteren bat zubitik salto egiten ikusi dutenean, izena eta telefonoa hartu eta gurasoei gertatukoaren berri eman diete. Baina bestelako neurri batzuk hartzea beharrezko ikusi dute.
Udaltzainek azaldu dutenez, “gazte askok egiten dute salto zubitik, horrek duen arriskuarekin”, eta “susto batzuk” ere gertatu direla jakinarazi dute. Ezbehar handiagorik ez gertatzeko sarea jartzea erabaki du udalak.
Udaltzainek jarritako oharretako bat / Lazkaoko Udala
Lehenengoa puskatuta
Baina azken egunetan, sarea jartzen duten bigarren aldia dela ere esan dute udaltzaingotik: “Sarea jarri eta bi egunera moztuta azaldu zen, eta badirudi batzuk ez daudela ados udalak hartutako erabakiarekin”. Hala, udalak sarea konpondu egin du eta zubitik salto egiteak duen arriskuen berri emateko abisuak ere jarri ditu.