Ordiziako Azari elkartearen usakume tiraketa jokatuko da etzi Lazkaomendin
Aurtengo tiraketan Gipuzkoako Kopa egongo da jokoan.
Ordiziako Azari ehiza eta arrantza elkarteak, udalaren laguntzarekin, antolatutako Kolonbaire erako usakume tiraketa Gipuzkoako XV. Kopa ere izango da aurtengo ekitaldian. Ohi bezala, San Inazio egunez jokatuko da, Lazkaomendiko Albitsu baserriaren lur-eremuetan. Tiralari asko biltzen dituen lehiaketa da –iaz 161 izan ziren–, eta 6.000 euro banatuko dituzte aurten saritan, iaz baino 1.000 gehiago.
Tiraketa goizean eta arratsaldean egingo dute. Lehen txanda 10:00etatik 13:00era izango da, eta 15:00etatik 18:00etara bigarrena. Izena emateko 36 euro ordaindu behar ditu tiralari bakoitzak, eta Gipuzkoako Federazioaren ehiza baimenaren jabe izatea derrigorrezkoa da. Iaz Castor Bengoetxea irundarra izan zen garaile. Partaide guztien artean eskopeta bat zotz egingo dute.
Sariak dirutan eta oparitan
Azari elkarteak 3.350 euro banatuko ditu dirutan, eta beste 2.650 euro oparitan. Irabazleak txapela, garaikurra, oparia eta 1.000 euroko diru-saria jasoko ditu, bigarrenak 550 euro eta oparia, eta hirugarrenak 350 euro eta oparia. Hamabosgarren sailkatua izango da diru-saria jasoko duen azkena, eta 16. postutik 40.era sailkatzen direnek oparia izango dute. Horrez gain, elkarteko lehen bazkideak saria eta garaikurra jasoko ditu, eta baita lehen beteranoak, lehen emakumeak eta lehen gazteak ere.