Udal langile batzordeak eta udal gobernu batzordeak salaketa oharra bidali dute.
Udaltzaina lanean.
Ordiziako udaletxeko langile batzordeak eta udal gobernu batzordeak bere haserrea eta kritika azaldu du ohar bidez, udal zerbitzuek aurtengo Santa Ana festetan «sufritu duten errespetu faltagatik». Oharrean azpimarratu dutenez, «gogorarazi nahi dugu udal langileen zeregina herritar batzuen festa nahia eta besteen atsedenaldiaren arteko oreka bilatzea dela, beti ere inori kalte egin gabe». Oreka hori aurkitu nahian, udal langileek eta udal gobernuko kideek nabarmendu dutenez, «irizpide batzuk landu eta adostu genituen eta bete beharrekoak diren araudiak zein ordenantzak egin genituen».
Mahaia eratu
Aurrera begira, Ordiziako udaleko langileek eta udal gobernukoek espero dute «aurten gertatu direnak balio dezatela datorren urteko festetan ondo pasatu eta gozatzeko, baina udal langileen lana erraztuz». Horretarako, mahai bat eratzea proposatzen dute udaletxetik, eta «eragindako sektoreek eta zein eragileek parte hartuko dute bertan».
Jose Migel Santamaria alkateak azpimarratu duenez, udal langileekiko errespetu falta hori orokorra bada ere, aurtengo festetan, batez ere Matutina egunean, areagotu egin da udal langileekiko errespetu falta hori.