![Tenis-expres txapleketako partaideak](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/08/WP_20150822_19_48_26_Pro.jpg)
Tenis-expres txapleketako partaideak
Auzoko zaindariaren eguna ospatuz amaitu zuten atzo itsasoarrek Bartolome Deunaren festetako lehen zatia, eta bigarren txanparen zain daude orain. Jaiek, datorren larunbat eta igandean jarraituko dute.
Joan den asteko larunbatean hasi ziren festak, eta hiru egunetan zehar era guztietako ekintzak izan dituzte Itsason herriko plazan jarritako karparen azpian eta ingurutan: mus txapelketa, tenis expres, bertso-poteoa, herri afaria, umeen jolasak, dantzaldiak, herrtiko gazteen jaialdia, zahagi ardoa… Atzo festetako egun handia izanik, meza nagusiarentzako gorde zen, eta luntxa eskaini zitzien herritarrei eguerdi aldera, gero toka txapelketa jokatuz. Herriko ondareari eskainitako erakusketa aurkezteko eguna ere izan zen atzokoa. Ekitaldi honek, erakusketak berak bezala, jende asko erakarri du. Horregatik, datorren igandean errepikatu egingo da solasaldia.
Ghoa gitarrajole iruñearraren emanaldiarekin amaitu ziren jaietako lehen egunak. Orain, atseden hartu eta larunbatean ekingo diote berriz Itsason festa giroari. Larunbat arratsaldean, 16:30an hasita, mendi bizikleta ibilaldia egingo da inguruko basoetan zehar, 23 kilometro eginez. Aldez aurretik izenik ez da eman behar, eta partehartzea dohainik da. Paella lehiaketa ere egingo da iluntzean, eta gauean kontzertua eskainiko du Itzartu taldeak. Igandean, meza emango da hilerrian 11:00etan, eta herri kirol jaialdia egingo da 13:00etan.
![Ghoa gitarrajole iruñearraren emanaldia](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/08/IMG-20150824-WA0010-300x225.jpg)
Ghoa gitarrajole iruñearraren emanaldia
![Dantzaldi bikainak egin dituzte Itsasoko festatan](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/08/WP_20150823_19_53_42_Pro-300x168.jpg)
Dantzaldi bikainak egin dituzte Itsasoko festatan