'Ez dira aspaldiko kontuak' herri antzerkia taularatuko dute Ordizian, Euskal Jaietan
Frankismo garaiko hezkuntzari eta Goierriko ikastolen sorrerari buruzko herri antzezpena da ‘Ez dira aspaldiko kontuak’, Seguran prestatua. Euskal Jaien baitan, Ordiziako Herri Antzokian ikusteko aukera izango da irailaren 4an, gaueko 22:00etan. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke 8 euroan Pottokan eta Kiko-enea tabernetan, baita D’elikatuz gunean ere.
Antzezlan honek 1936ko gerra ostean hasi eta ikastolen sorrerekin amaitzen diren garaiak jasotzen ditu, 90 minutuko narrazioan. Segura, Goierri edo Euskal Herrian kokatua, gogorrak izan ziren urte horietan jendearengan nagusitu zen izua erakutsi nahi du antzerkiak. Aldi berean, Frankismoaren amaieran euskararekiko eta gizartearekiko ausardia izan zuten jende multzo baten lana oroitzeko ere balioko du.