Aimar Garmendia 54. izan da Europako Sega Txapelketan
Almitza elkarteak antolatuta, asteburuan Azpeitian (Gipuzkoa) jokatu den Europako Sega Txapelketan ordezkari goierritar bakarra zen: Aimar Garmendia (Zaldibia, 1997). Bakarkako lanean 54. denbora onena egin du 18 urteko gazteak. Euskal Herriaren izeneean aritu da, selekzioa osatu duten 15 segalarien artean.
Nazioka, gizonezkoetan Hego Tirolek irabazi du Europako Txapelketa (15:43,42 minutu). Nagusi izan dira hango segalariak, eta denbora tarte nabarmena atera diote Austria txapeldunordeari (17:29,69) eta Suitza hirugarrenari (18:05,04). Alemania (18:10,51), Euskal Herria (19:28,46) eta Eslovenia (22:55,21) sailkatu dira gero, hurrenkera horretan.
Emakumezkoetan, Suitzak irabazi du, 3:54,20 minuturekin. Austria (4:08,78) bigarren, eta Euskal Herriak brontzezko domina eskuratu du (5:35,32). Eslovenia, Alemania eta Hego Tirol izan dira gero, azken selekzio hori emakume bakarrarekin.
Denera 92 segalari lehiatu dira. Taldekako denbora aintzat hartzeko, gizonezkoetan lehen bost segalariren denborak batu dituzte, eta nesketan hirurenak.