Brinkolatarrek San Agustin jaiak ospatu dituzte
Legazpiko Brinkola auzoko bizilagunek San Agustin jaiak ospatu dituzte aurreko asteburuan. Makina bat ekitaldi egon da: sardina jana, rock kontzertua, herri kirolak…Lehiaketei dagokienez, toka txapelketan Jose Antonio Calvo urretxuarra (gizonezkoetan), Maria Jesus Olano usurbildarra (emakumezkoetan) eta Aitor Aramendi orendaindarra eta Unai Segade auzotarra (gazteetan) nagusitu dira. Tortila lehiaketa Errementari baserriko Mari Kruz eta Galder Agirre izeba-ilobak irabazi dute. Txerri harrapaketan, helduen mailan Andoni Alonso eta Asier Larrañaga legazpiarrak nagusitu dira eta haurren mailan Patxi Ormazabal eta Eneko Aramendi gabiriarrak. Bolotan ere aritu dira bi gaztetxo hauek: larunbateko saioan Pedro Lazkano, Mikel Arrizabalaga, Aramendi gabiriarra eta Juan Pedro Agirre izan ziren nagusi, hurrenez-hurren, eta igandean, Patxi Arrondo, Ion Orikain, Nikolas Igartzabal eta Ormazabal gabiriar gaztea.
Igande arratsaldean herri kirol saioa egon zen. Inaxio Perurenak parte hartu behar zuen, baina goizean Bilbon min hartu zuen eta aurkezle lanak egin zituen. Harriak jasotzen Hodei Izeta aritu zen. Aizkoran, Fausto eta Anartz Mugertza aritu ziren. Ikusleek apustua egin zuten eta Jagoba Santamariak irabazi zuen.