Gogotik egin du euria eta hamar minutuan 10,3 litro ur neurtu dituzte Goierrin
Ekaitzengatik alerta egoera iragarrita zegoen, eta lehen euriteak, motza izan bada ere, emari handia utzi du Goierrin. Apenas 10 minutuko tartean, 10,3 litro bota ditu Ordizian; Estandako neurgailuan berriz, 9,6 litro jaso dituzte.
Herriguneetan eta errepideetan hainbat putzu sortu dira hori dela eta, kontuz gidatzeko deia egin dute. Beasainen, hainbat kaletan putzuak sortu dira; Loinazko San Martin plazan esaterako, estolderiak ezin izan du jasotako ur guztia iragazi, eta gainezka egin du urak.
Datozen orduetan, txingorra ere egin lezakeela azaldu du Euskalmet metereologia agentziak, hori dela eta, alerta egoera mantenduko dute, gauera arte. Biharko ere, abisu horia eman dute, euriteengatik.