Paella lehiaketa eta herri kirol desafioarekin amaitu dituzte jaiak Itsason
San Bartolome jaiak amaitu dira dagoeneko Itsason. Atzo izan zuten festen azken eguna, eta ohiko hilerriko mezaz gain, herritarren arteko herri kirol desafioa egin zuten eguerdian. Txingatan, harri jasotzen eta ingudearekin aritu ziren, besteak beste, baita zaku lasterketan ere, zaku berean bi lagun sartuta.
Desafioaren amaieran lasto fardoa jaurtitzeko aukera eman zieten bertaratutakoei. Zortzi bat lagun animatu ziren, eta Xabat Aranburuk irabazi zuen proba. Gazta bat eman zioten sari modura.
Paella lehiaketaren irabazleak, Maixa eta Luis Angel
Larunbatean ere egun ederra izan zuten Itsason. Arratsaldean mendi bizikleta trabesia izan zen. Iluntzean, berriz, herritarren arteko paella lehiaketa. Hamabost bikotek partu hartu zuten, inoiz baino gehiagok, eta paella originalak egin zituzten guztiek. Maixa eta Luis Angel senar emazteak izan ziren irabazleak.
Lehiaketan prestatutako paellak afaritan jan zituzten itsasoarrek. Plazako karpa bete egin zen, eta bakoitzak etxetik eramandako postreekin osatu zuten afaria, giro ederrean.