San Bartolome jaien bigarren asteburua ospatu dute Zegaman. Larunbatean kuadrillen eguna izan zen, eta atzo belearen hileta.
Rafael Marquez, irabazlea. / Zegamako Udala
Beleari hileta eginda, agur esan diete zegamarrek San Bartolome jaiei. Asteburu bete betea izan dute. Larunbatean kuadrillen eguna izan zuten, eta kuadrilla bakoitza bere blusarekin irten zen kalera. Iaz hasi ziren kuadrillen eguna ospatzen, gazteek hala eskatuta, eta egun arrakastatsua bihurtu da.
Kuadrillen arteko bazkarira 300 lagun inguru bildu ziren, eta ondoren dantza txapelketa egin zuten. Josu Oiarbide eta Xabier Azurmendi izan ziren irabazleak, eta dantza saioko errege-erreginak izendatu zituzten, bakoitzari koroa bana emanda.
Herri afarian 580 lagun
Herri afaria ere izan zuten larunbatean. Entsalada, oilaskoa eta kaba afaldu zituzten pilotalekuan bildutako lagunek, guztira 580 inguru. Guri 5 taldeak girotu zuen gaua.
Atzo, bestalde, 82. San Bartolome txirrindu proba jokatu zen, afizionatu mailakoa. Lizarte taldeko Rafael Marquez izan zen irabazlea.130 kilometroko ibilbidea egin zuten txirrindulariek. Iluntzean eman zieten amaiera jaiei, belearen hiletarekin.
Argazkiak: Zegamako Udala