Aurkikuntza arkeolegikoak egingo dituzte. Urpean eta lurrean hartuko dituzte irudiak eta adituak elkarrizketatuko dituzte. Urte amaierarako 'Euskal Baleazaleen Triskantza' dokumentala bukatuta egotea aurreikusten dute.
Ander Arrese, Beñat Iturriotz eta Eñaut Tolosa Islandian.
Atzo, 12:00ak aldera lur hartu zuten Ander Arrese, Beñat Iturrioz eta Eñaut Tolosa beasaindarrek, beste hiru kiderekin batera, Islandiako Reykjavik hiriburuko aireportuan.
Euskal Baleazaleen Triskantza dokumentala grabatzeko helburuz joan dira bertara. Udaberrian egin zuten
crowdfunding kanpainarekin lortutako sei mila euroei esker posible izan da proiektua eta ametsa egi bihurtzea. Diru bilketarekin, gainera, jendearen interesa piztea ere lortu dute Euskal Herriko historiaren beste pasarte bat ezagutuz.
200 kilotik gora material eraman dute goierritarrek misioa behar bezala osatzeko. Urpekaritzako materialak hartzen du zati bat, eta kamerek eta horrelakoek beste bat. Bagajeko osagai garrantzitsuena, dena den, ilusioak osatzen du.
Irailaren 22an dute Ander Arresek eta Eñaut Tolosak itzulerako txartela; Beñat Iturriozek irailaren 15ean. «Beñat lehenago itzuliko da eta muntaketa lanarekin hasiko da. Zerbait falta dela ikusten badu, badaezpada ere, Ander eta biok han geldituko gara astebete gehiagoz», zehaztu du Eñaut Tolosak.
Islandiako «abentura» ondo ateratzeko Islandian bizi den Zuhaitz Akizuren laguntza ezinbestekoa izan dute. «Txantxetan esaten dugu 1615ean hiru kapitain joan zirela Islandiara eta bakarra itzuli zela, ea gu hiruok itzultzen garen», dio Tolosak.
Urpeko arkeologia
Westfjordsen, Islandia mendebaldeko fiordoetan, Naustivk eta Reijkiafjordurren, grabatuko dituzte urpeko sekuentziak. Ander Arresek urpekaritza eta arkeologia uztartuko ditu, euskal baleazaleen itsasontziak urperatu ziren itsasontzien aztarnak bilatzen saiatzeko. Ander Arrese urte osoan aritu da urpekaritzako ikastaroak egiten. «Hiru itsasontziak gutxi gorabehera non urperatu ziren badakigu baina 400 urtean ur korronteek mugitu egingo zituzten. Aurkitzeko errazena metalezko piezak lirateke», dio beasaindarrak.
Kamerekin grabatuko dute urpeko lana. «Irudia eta soinua grabatuko ditugu. Zerbait aurkitzen dutenean beraien espresioak, garrasiak… jaso nahi ditugu». Sakoneran oso behera joan eta aztarnarik aurkituko ez balute, robot handi batekin saiatzeko asmoa dute.
Uretako irudiekin jarraituz, baleak ikustera joateko asmoa ere badute goierritarrek. «Saiatuko gara uretan sartzen baina ez dakit posible izango den, ura 4 gradutan dago eta».
Lurrean, baleazaleen estazio batean ere aurkikuntza arkeologikoak egiteko asmoa daukate.
Elkarrizketak adituei
Islandiako historian gertatu den sarraskirik handiena da 1615eko 32 euskal baleazaleren hilketa eta ikerketa ugari egina dago gai horren inguruan. Adituen hitzak jasoko dituzte egunotan goierritarrek. Besteak beste, Tadio Koivukari, Viola Miglio, Ragnak Edvarson, Magnus Rafson eta Sigrum Antonsoottir elkarrizketatuko dituzte. «Antonsoottir abizenak Antonen alaba esan nahi du. Azken euskal baleazalea izan zen Anton delako baten alaba da bera».
Dokumentalaren zati bat marrazki bizidunez kontatuko dute. Irudiak nahiko aurreratuta dituzte dagoeneko.
Asterix eta Obelix bezala
Asterixek eta Obelixek bezala bukatu nahi dute Islandiako abentura eta dokumentala: harremana izan duten guztiekin afalduz. Hiru aste hauetako jarraipena bi blogetan egin daiteke:
enautinho.wix.com /izotzlandia eta
enautinho. wix.com/balezaleakbi. Emaitza osoa, dena den, urte amaieran ikusteko aukera izango da.