Ataun San Gregorion hasi dira festak
Herritarren arteko jolasekin hasi dituzte, gaur goizean, Ataun San Gregorioko bizilagunek aurtengo festak. Igandera arte, lau eguneko egitaraua izango dute. Mus txapelketan 13 bikotek parte hartu dute, inoizko gehienek. Haurrentzat eta helduentzat toka lehiaketak ere izan dira. Ondoren, herri bazkarian 80 lagun elkartu dira, Zelai frontoian.
Musean partaide gazteenak izan dira garaile: 13na urteko Kepa eta Adur. Bigarren Arrate eta Jose Benito geratu dira. Tokan, hiru adin sail bereizi dituzte. 9 urte artekoetan, Aratz Bikuña irabazle, eta bigarren Aretz Goikoetxea eta Ortzi Goikoetxea, berdinduta. 9-16 artean, Asier Lasa irabazle, eta Xabi Zarautz bigarren. Larrietan, Kontxi Goikoetxea izan da onena, eta bigarren postuan Agustin Munduate eta Joxe Mari Bikuña geratu dira.
Arratsaldean bingoa (17:00), Otsoak dantza taldearen saioa Barandiaran Museotik plazara (18:00), herri afaria Artadi elkartean (21:00), eta Eneko Dorronsoro eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin, nahiz Iban Urdangarin eta Ander Lizarralde bertsolariekin erromeria izango da.