Imitegi baserriko Joxe Mari Peñagarikano eta Mari Arizkorreta omenduko dituzte. Bazkarirako txartelak aurrez edo egunean bertan eros daitezke .Usurbeko lasterketa 11:30ean hasiko da.
Mikel Mendizabal eta Iker Zubeldia bertsolariak ariko dira kantuan Agortan.
Beasainmendiko Elkartearen lanari esker, iraileko lehenengo asteburuan festa leku bihurtzen da Agorta. Auzotarrek bide bazterrak eta Agortako festa gunea txukunduta dituzte dagoeneko. Larunbatean egingo dituzte azkeneko prestaketa lanak, iganderako guztia puntuan egon dadin. Larunbat gauean, eguneko lanaren ordain, 21:00etan herri afaria egingo dute auzotarrek, auzoko mus txapelketarekin batera.
Igandea egun handia
Igandean, goizean goiz, 08:00etan suziriak botako dituzte giroa berotzen hasteko. 10:45ean herri meza egingo dute trikitilariekin eta bertsolariekin. 11:30ean Usurbeko lasterketa hasiko da Artzaieneatik eta 11:45ean Aizkorri Mendizale Elkartekoei ongi etorria egingo zaie. 12:00etan, Laja eta Mikel trikitilariak eta Mikel Mendizabal eta Iker Zubeldia bertsolariak ariko dira.
13:00etan, omenaldien txanda izango da. Aurten, Imitegi baserriko Joxe Marti Peñagarikanok eta Mari Arizkorretak jasoko dute auzotarren omena. Jokinen oroimenean ere aurreskua eta lore eskaintza egingo dituzte. Jarraian, herri kirol jaialdia izango da: Iñaki Azurmendi eta Floren Azurmendi aizkolariekin batera, Jon Ander Esnaola, Mikel Goikoetxea, Aitor Urdangarin eta Xabier Urteaga harri jasotzaileak ariko dira.
Bazkari herrikoia 14:30ean izango da. 350 lagun inguru elkartzen dira urtero mahaiaren bueltan. Arrain zopa, saiheskia eta txuleta piperrekin eta letxugarekin lagunduta, fruta, kafea eta kopa izaten da urteroko menua. Iñaki harategian eros daitezke aurrez txartelak (943 88 27 47), eta egunean bertan ere bai; 30 euroan. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, haur jolasak eta erromeria izago dira.
Amaia Insaustik du emakumezkoen errekorra.
Usurbe Igoera 11:30ean hasiko da Artzaieneatik
XI. edizioa izango du igandeko Usurbe Igoera lasterketak. 11:30ean Beasaingo Artzaieneko plazatik abiatuko dira korrikalariak eta Agortaraino, 4,7 kilometroko malda igo beharko dute. Ibilbide aldapatsua da Agorta bitartekoa; 446 metroko desnibela du. Aldaparik gogorrenak Erauskin auzotik gora hasten dira, % 20 eta %21eko desnibelarekin.
Dagoeneko izena eman daiteke www.herrikrossa.com webgunean. Lasterketa egunean ere egongo da izena emateko aukera irteera puntuan bertan, 10:00etatik 11:00etara bitartean. Aurrez izena ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dute eta egunean bertan ematen dutenek 12 euro. Gizonezko eta emakumezko irabazleek 120 euro jasoko dituzte, bigarrengoek 70 eta hirugarrengoek 50.
Herriko lehenengo gizonezkoarentzat eta emakumezkoarentzat ere sari bana egongo da. Errekorra hausten duenak 80 euroko saria jasoko du. Gizonezkoek iaz Oier Ariznabarretak jarritako marka (20:44) hobetu beharko dute. Emakumezkoek, berriz, Amaia Insaustirena (25:58). Lasterketa amaieran parte hartzaile guztiei hamaiketakoa eta kamiseta banatuko diete.