Emakumeen Mundu Martxari babesa emateko aukera izango da Beasainen eta Ordizian
Europa zeharkatu ondoren, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean izango da Euskal Herrian Emakumeen Mundu Martxa; azken egunean izango da Goierrin. Aldez aurretik, gaur eta bihar hainbat ekintza izango dira. Beasainen 17:30etatik 20:00etara informazio postua jarriko dute Kale Nagusian; kamiseta eta poltsak ere salduko dituzte bertan. Bihar, bestalde, Ordizian egin dute hitzordua. Iluntzeko 19:00etan Barrena parkean Emakumeen Mundu Martxari atxikimendua emateko aukera izango da.
Martxoan hasi zuen bere ibilbidea Mundu Martxak Kurdistanen eta irailaren amaierarako prest daude Goierrin harrera egin eta kaleak morez janzteko. “Gure gorputzak, gure territorioak” lelopean, hainbat gai jorratzeko baliatu du mugimendu feministak Emakumeen Mundu Martxa.