Herri kirolak, bazkaria eta musika saioak Emaneurre Euskarari Egunean
Euskal Jaietako egitarauaren barruan, Emaneurre taldeak egun osoko festa egitaraua antolatu du larunbaterako. Besteak beste, herri kirolak, herri bazkaria eta euskal kantu poteoa egingo dituzte.
Antolatzaileen arabera, «Ordizian euskal kultura eta euskara bultzatzea» helburu duen jaialdi honek, koadrillen arteko herri kirol txapelketa du oinarri. Aurten bosgarren urtez egingo dute lehia, eta dagoeneko 14 taldek eman dute izena, nahiz eta azken momentuan beste talderen bat apuntatu litekeen. 11:00etan hasiko da saioa, plaza nagusian. Parte hartzaileek trontzan, oskol biltzen, zaku karreran, korrika, txingatan, harria jasotzen, karretilarekin eta sokatiran aritu beharko dute.
Herri kirolen ondoren, herri bazkaria egingo dute, 14:30ean, frontoi txikian. Bazkalondoan, 16:30ak aldera, Bertso-Rap saioa egingo dute, Gema Urteaga bertsolariaren eta Zesura Euskal Rap kolektiboaren eskutik. Segidan, egun honetako berezitasunetako bat bihurtu den Harri Orri Ar txapelketa ere jokatuko dute. Arratsaldetik iluntzerako tartea berriz, Ttek elektrotxarangak lagundutako poteoarekin beteko dute.
Larunbateko festa eguna bukatzeko, euskal jaietako beterano bat izango dute Ordizian, Gozategi taldea. Azken bost urteetan jarraian etorri da Orioko erromeria taldea, eta bihar ere, goizaldera arteko festa alaituko du. Emanaldia, 23:00etan hasiko da, plaza nagusian.