Produkzio datu onek lagunduta egingo dute Euskal Jaietako gazta lehiaketa
Irailarekin batera etortzen dira Ordiziako Euskal Jaiak, eta dagoeneko dena prest dute bederatzi eguneko egitarau beteari egiteko. Jai hauen atentzio gune nagusietako bat, hilaren 9an egingo duten Euskal Jaietako aparteko azoka da, eta nola ez, bertan egiten den gazta lehiaketa ezaguna. Aurtengo edizioa, gainera, azken hiru urteetako produkzio daturik onenek lagunduta etorriko da. Izan ere, %4,5 igo da aurten Idiazabal Gaztaren ekoizpena, eta guztira, 1.184.000 kilotan bukatzea espero dute urtea.
Gaur eguerdian eman dituzte datu horiek, Ordiziako Euskal Jaiak aurkezteko Donostian egin duten agerraldian. Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapenaren gerenteak azaldu duenez, “ekoizle batzuk oraindik gazta egiten ari dira, eta datu zehatzik ez” badute ere, “aurreikuspenak onak” dira. “2011 eta 2013 urteen artean jaitsiera inportantea izan zen, baina azken 2 urteetan ekoizpenak gora egin du”. Gaztandegi kopurua ere mantendu egin da; Idiazabal Jatorri Izendapenaren barruan 121 gaztandegi daude, horietatik 53 Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 25 Araban eta 16 Bizkaian.
Kalitateak gora
Juan Mari Arzak Ordiziako gazta lehiaketako epaimahaiburuak azaldu duenez, produkzioaren kopuruak gora egiteaz gain, “gure gaztaren kalitatea urtetik urtera hobea” da, eta artzainen lana goraipatu nahi izan du. “Mendian bertan ere ikusi egin behar da nola lan egiten duten. Gero eta gazta hobea egiten dute eta niri behintzat, gero eta gehiago gustatzen zait”.
Bere aldetik, Ainhoa Aizpuru Ekonomia, landa ingurune eta lurralde orekako diputatuak, Ordiziako azoka bezalako ekimenek “nekazaritzari eta landa garapenari egiten dioten ekarpena” azpimarratu du, “lehen sektorearen erakusleiho” direlako. Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak ere, bertako produktuak kontsumitzeko deia egin du, eta gazta lehiaketa gogoan, Idiazabal jatorri izendapenaren eta gazta kofradiaren lana eskertu nahi izan du.