Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute igandean Legazpin
Igandean Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin. Urteroko moduan, ekitaldi nagusiak Gipuzkoako Artzai Gazta lehiaketa, omenaldiak eta artzain txakur lehiaketa izango dira. Festak 25 urte beteko ditu eta antolatzaileek Legazpiko Udala omentzea erabaki dute, urte hauetan guztietan emandako babesagatik.
Postuak 10:00etan irekiko dira, Euskal Herria plazan eta Azoka gunean. Goizean zehar, Artzai Gazta elkarteko kideek gazta salduko dute eta ardi latxa arrazako ardi eta aharien erakusketa egongo da.
Gainera, argazkilaritza zaleek Ikatza elkartearen rallyan parte hartzeko aukera edukiko dute. Parte hartu nahi dutenek, elkartearen egoitzara jo beharko dute (kultur etxearen atzealdean). Izen-ematea 09:00etan irekiko dute eta 10:30ean itxi.
Ekitaldi hauez guztiez gain, beste asko egongo dira. 11:00etan Gipuzkoako Artzai Gaztaren lehiaketa eta gazta dastatzea hasiko dira. 11:15ean gaztagintzaren lehena eta oraina erakutsiko dira eta 11:30etik aurrera sagardoa dastatzeko aukera egongo da.
12:00etan, berriz, gaztetxoen gazta lehiaketa eta ardi okel gertatze lehiaketa hasiko dira. 12:15ean mozte erakusketa egongo da eta 12:45ean ardi okela banatuko dute.
Goizeko ekitaldiak 13:00etan bukatuko dira, omenaldiekin eta sari banaketarekin. Omenaldiei dagokienez, Legazpiko Udalaz gain, Gipuzkoako hiru artzain eta Estatu Batuetan lan egin zuten beste hiru omenduko dituzte.
Omenduko dituzten artzain gipuzkoarrak Juan Jose Murgiondo eta Rosario Belastegi senar-emazte bergararrak eta Matxinbentako Largarate baserriko Maria Pilar Oiartzabal dira. Omenaldia jasoko duten artzain amerikanoak, berriz, Felix Sarratea, Santi Hualde eta Joxe Mitxeo nafarrak dira.
Omenaldiaren ondoren, gazta lehiaketako sariak banatuko dituzte. Aipatzekoa da lehiaketa hau Jabier Muñoa zeraindarrak irabazi zuela iaz. Aste honetan bere gazta Europako 50 produktu onenen artean hautatu dute.
Goierriko irabazleak
Asko dira 25 urte hauetan Gipuzkoako Artzai Gazta lehiaketan nagusitu diren goierritarrak: Jose Ramon Etxeberria legazpiarra, Kontxi Aldasoro mutiloarra, Mari Karmen Otaegi segurarra, Jose Migel Azurmendi zegamarra, Maria Anjeles Iñurrategi zeraindarra, Idiazabalgo J. Aranburu elkartea, Olaberriako Aizpea gaztandegia eta Joseba Insausti ordiziarra, hain zuzen ere.
Goizeko ekitaldiak sari banaketarekin bukatuko dira. Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute Aitxuri jatetxean. Txartelak goizean zehar salgai egongo dira.
Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako 47. Artzain Txakurren Txapelketa jokatuko dute Urtatzako zelaian. Sei artzainek parte hartuko dute: Aitor Tato ataundarrak, Jabier Zubiaurre mutrikuarrak, Jesus Mari Plazaola arrasatearrak, Juan Jose Arrizabalaga elgoibartarrak eta Migel Arregi eta Joxe Mari Bengoa Oñatiarrek. Tatok bi txakurrekin parte hartuko du.
Iaz Arrizabalaga nagusitu zen, Azkar txakurrarekin. Aurten ere Azkarrekin parte hartuko du. Txakur honek bost aldiz irabazi du dagoeneko lehiaketa hau.