Axari Trail mendi lasterketarako entrenamendua egingo da bihar
Irailaren 13an Idiazabalen egingo den probarako izen ematea asteazkenean itxiko da
Idiazabalgo plazan, bihar, goizeko 09:00etan da hitzordua irailaren 13an egingo den III. Axari Trail mendi lasterketarako entrenamendu ofizialarekin. Entrenamendu honetan ibilbide laburra egingo dute partaideek, 16,7 kilometrokoa —luzeak 25,4 kilometro ditu—, eta bidean egin diren aldaketak ezagutzera emateko aprobetxatuko dute antolatzaileek.
La Sportiva markako zapatilak probatzeko aukera ere izango dute bihar parte hartzaileek. Hiru modelo ezberdin egongo dira aukeran: Bushido, Mutant eta Ultra Raptor. La Sportivako komertzialak entrenamenduan izango dira, eta korrikalariei modelo bakoitzaren ezaugarriak azalduko dizkiete, amaieran zapatilen inguruko galdetegi bat erantzuteko baldintzarekin.













