Gaur arratsaldean jokatuko da Beasainen III. Igartzako mendi duatloia. Florenzio Axpe plazatik abiatuko dira kirolariak 16:00etan. Lasterketa hau Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren lehena izango da.
Kirolariek Igartza auzoko baserri bideetatik zehar egingo dute 20 kilometro inguruko bidea, korrika eta bizikletaz. Hiru zati izango ditu lasterketak. Lehenengo, 5,41 km korrika. Bigarren zatian, 13,36 km bizikletan. Eta azkeneko zatia ere korrika, 3,15 km.
Parte hartzaileen artean zozketak egingo dituzte 18:30etik aurrera, sari banaketaren ondoren.
Haurrentzat eta gaztetxoentzat goizean
Igartzako proba honetan haurrentzako eta gaztetxoentzako lasterketak ere izango dira. Goizeko 10:30ean irekiko da izena ematea, eta adinka egingo dituzte lasterketak. 11:00etan, 2010-2012ra jaiotakoak; 11:15ean 2007tik 2009ra jaiotakoak; 11:30ean 2004tik 2006ra jaiotakoak eta 12:00etan 2000tik 2003ra jaiotakoak.