Amaia Insausti olaberritarrak du emakumezkoen marka
Hamaikagarren edizioa izango du biharko Usurbe Igoera lasterketak. 11:30ean Beasaingo Artzaieneko plazatik abiatuko dira korrikalariak eta Agortaraino, 4,7 kilometroko malda igo beharko dute. Ibilbide aldapatsua da Agorta bitartekoa; 446 metroko desnibela du. Aldaparik gogorrenak Erauskin auzotik gora hasten dira, % 20 eta %21eko desnibelarekin. Izena eman daiteke www.herrikrossa.com webgunean eta lasterketa egunean bertan ere bai, irteera puntuan, 10:00etatik 11:00etara bitartean. Gizonezko eta emakumezko irabazleek 120 euro jasoko dituzte, bigarrengoek 70 eta hirugarrengoek 50. Herriko lehenengo gizonezkoarentzat eta emakumezkoarentzat ere sari bana egongo da. Errekorra hausten duenak 80 euroko saria jasoko du. Gizonezkoek iaz Oier Ariznabarretak jarritako marka (20:44) hobetu beharko dute. Emakumezkoek, berriz, Amaia Insaustirena (25:58). Lasterketa amaieran parte hartzaile guztiei hamaiketakoa eta kamiseta banatuko diete.