Herriak Libre dinamikaren barruan, udaletan mozioak aurkeztu eta hainbat elkartasun ekimen egingo dituzte
Itsasondoko udalbatzak gaur aztertu du mozioa.
Urriaren 19an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Askapena erakunde internazionalista legez kanpo uzteko epaiketa. Hainbat elkarteren ilegalizazioa eta 5 lagunentzako seina urteko kartzela zigorra ere eskatuko dute saio horretan. Horren aurrean, Herriak Libre izeneko dinamika antolatu dute, Askapenari eta auzipetuei elkartasuna adierazteko.
Kanpaina horren barruan, Goierrin ere hainbat ekintza egiteko asmoa dute, tartean herri epaiketak, informazio guneak eta mobilizazioak; herriz herri, mozioak ere aurkeztuko dituzte udaletan. Gaur onartu dute Goierri mailan lehena, Itsasondoko osoko bilkuran. Horren ondotik, datozen egun eta asteetan beste hainbat herritan aurkeztuko dute; hala nola Urretxun, Zaldibian, Ordizian, Seguran, Olaberrian edota Ormaiztegin, besteak beste. Horrez gain, “Goierri mailako herri epaiketa” egingo dutela ere iragarri dute.
- Irailak 7: Itsasondon, osoko bilkurak mozioa onartu du.
- Irailak 19: Urretxun, Elkartasun mobilizazioa.
- Irailak 21: Ormaiztegin, osoko bilkurak mozioa aztertuko du.
- Urriak 3: Ordizian, herri epaiketa.
- Urriak 12: Iruñean, epaiketa guztiak batuz egingo den herri-sententziarako autobusa antolatuko da.
Herriak Libre dinamikak “epaiketa politikoa eta eskubide zibil eta politikoen urraketa” berri bat dela salatu du, ohar baten bidez. “Ez dugu onartzen estatu espainiarrak euskal internazionalistak eta euskal eragile internazionalistak epaitzea. Ez dugu inolaz baimenduko hamaika herriren zapalketa, ukazio eta suntsiketak eragin dituen estatu inperialista honek, Espainiar Estatuak hain zuzen, herrien askatasunaren alde borrokatzen dugun kide eta eragileak epaitzea”. Horren aurrean, Herriak Libre dinamikakoen ustez, “herria bera da espainiar estatua epaitu eta kondenatu behar duena”.