Lazkaok ez du futbolean Gorengo talderik aterako, jokalari faltagatik
Lazkao Kirol Elkarteak futboleko goren mailako talderik ez du aterako. Jokalari gabeziak behartu du lehen taldea desagerraraztera, eta Erregional Gorengoen mailan ez da ariko Lazkao 2015-16 denboraldian.
Aurreko sasoia bukatutakoan, uztailean jokalari askok utzi zuten taldea, «arrazoi asko tarteko». Irailerako 18 jokalariko taldea osatzeari ekin zion kirol elkartearen zuzendaritzak. «Zaila izanik ere, erronkari heldu genion, eta abuztuaren azkenera arte jokalariak aurkitzen aritu gara», dio elkarteak ohar batean.
Inguruko taldeekin—Altsasu, Beasain, Idiazabal, Ordizia, Segura, Urola…— hitz egin dute, haien jokalariak uzteko, «behin baino gehiagotan». Arrakastarik izan ez, eta jubenil batzuk igo zituzten. Baina bederatzi jokalari besterik ez zituzten batu denera.
Hala, zuzendaritzak erabaki du 2015-2016 denboraldian talderik ez ateratzea. «Erabaki horrek min eman badigu ere, gogotsu jarraituko dugu lanean, oraindik 200dik gora ume baitauzkagu gainerako ekipoetan futbolaz gozatzen». Erregional Gorengoen mailako taldea «ahalik lasterren» ateratzeko konpromisoa hartu du zuzendaritzak.
Kobatours txapelketa asteburuan
Aurreko larunbatean, irailak 5, berriz, denboraldi aurreko Kobatours txapelketa jokatu zuten Lazkao eta Beasain klubek, mutilen lau partidatan, Lazkaoko Arizti Haundi zelaian. Intanfil Txiki mailan, Beasainek 2-3 irabazi zuen; Ohorezko Infantiletan ere Beasain gailendu zitzaion Lazkaori (1-2); kadeteetan Lazkaok 4-0 menderatu zuen Beasain, eta jubeniletan 6-1 irabazi zuten lazkaotarrek.
Ondorioz, Kobatours garaikurra Lazkaorentzat izan da. Infantil Txikikoen emaitza ez zuten aintzat hartu, Beasainek Lazkaok utzitako atezainekin jokatu zuelako, bererik ez eta. Nesken partida bat ere jokatu zuten, Goierri eta Urola taldeek. Bana berdindu zuten.