Euskal Jaietako aparteko azoka egingo dute bihar Ordizian, urteko garrantzitsuena. Egun horren momentu gorena izan ohi da gazta lehiaketa; aurten gainera, berrikuntzekin dator
Begi guztiak Ordiziara begira jarriko dira bihar. Urtez urte, gero eta komunikabide gehiagoren arreta pizten du Euskal Jaietako aparteko azokan egiten den gazta lehiaketak. Latxa ardiaren esnearekin egindako artzain gaztarik onenak ariko dira lehian. Tradizio handiko lehiaketa da, baina ez dio uko egiten egungo beharrei egokitzeko aldaketak egiteari. Aurten, gaztagile batzuek hala eskatuta, puntuazio sistemari dagokionean etorriko da berrikuntza nagusia.
Ofizialki, Ordiziako Gazta Lehiaketak 42. edizioa izango du aurtengoa. Haren historia lehenagotik dator, ordea. Zehazki aurreneko lehiaketa noiz egin zen jakitea zaila bada ere, jasota dago 1904an egin zuten Euskal Jaian lehiaketa izan zela. Baita nork irabazi zuen ere: Francisco Mª Muñoz zeraindarrak jaso zuen sari nagusia, 30 pezetakoa. Festa berezia izan zen urte hartakoa; herrian batzorde berezi bat sortu zuten, eta udaletxea eta herriguneko kaleak okasiorako apaintzea erabaki zuten. Plazan eta inguruetan, barazki, fruta eta ganadu salmenta eta lehiaketak ere egin zituzten.
Gaur egungo lehiaketa ulertzeko mugarria, ordea, 1974. urtean jarri zuten, lehiaketaren araudia zehaztu eta Ordiziako I. Gazta Lehiaketa antolatu baitzuten urte hartan. 80ko hamarkadan hasi zen sona handia hartzen, Euskal Sukaldaritza Berriko izen ezagunak –Arzak, Subijana, Argiñano, Castillo…– epaimahaiko kide izaten hasi zirenean. Aurreneko enkantea ere 1980an egin zuten, eta sukaldari horietako batek, Juan Mari Arzakek, 12.000 pezeta ordaindu zituen gazta erdiaren truke. 1990. urtean, Idiazabal Gaztaren Kofradia sortu zuten. Eta bi urte geroago, Arzak izendatu zuten lehiaketako epaimahaiaren buru, eta lan horretan jarraitzen du harrezkero.
Lehen enkante hartako kopuruek zerikusi gutxi dute egungoekin. Azken urteetan 7.000 euroen bueltan ibili bada ere, iaz Idiazabalgo Ampo kooperatibak 13.050 euro ordaindu zituen, enpresa sortu zeneko 50. urteurrena gogoratzeko. Iazko edizioan, protagonista guztiak goierritarrak izan zirela esan liteke; irabazlea ere, Segurako Karmele Murua izan baitzen.
Berrikuntzak lehiaketan
Lehiaketa batek hainbeste urtean irauteko, ezinbestekoa da berrikuntzak egin eta garaian garaiko beharretara egokitzea. Hala, puntuazio aldetik hainbat aldaketa egingo dituzte aurtengo lehiaketari begira. Ordiziako gazta lehiaketaren epaimahaia, hiruna laguneko zazpi mahaitan banatzen da. Orain arte, kanporaketa moduko bat egiten zuten; hau da, mahai bakoitzak probatzen zituen gaztetatik bi aukeratzen zituen finalerako; hamalau guztira. Horrek, ordea, lehen postuetan ibiltzeko aukera zuen gaztaren bat finaletik kanpo geldi zitekeela esan nahi zuen. Hori ekiditeko, mahaikide guztiek puntuazio sistema bera erabiliko dute, eta gazta guztien artean punturik gehien dituzten hamalau zatiak pasako dira finalera.
Iazko edizioan, kexa batzuk ere izan ziren, puntuak jaso eta biltzeko garaia behar baino gehiago luzatu zela-eta. Hori azkartu nahian, antolatzaileek teknologia berrietara jo dute. Hala, mahai bakoitzean tablet bat izango dute; puntuazioak bertan sartu eta handik ordenagailu nagusira bideratuko dira, bertan denak batu eta sailkapena osatzeko. Aldaketa guzti hauek, gazta lehiaketa eta honen funtzionamendua hobetzeko balioko dutela uste dute antolatzaileek.
Gainontzean, epaimahaiak ohiko egitura izango du. Guztira 21 lagunek osatuta egongo da: Idiazabal jatorri izendapeneko 7 teknikari, 9 sukaldari eta 5 kazetari. Horiez gain, 5 gonbidatu berezi izango dituzte; besteak beste, Jose Mari Aizeaga Basque Culinary Center-eko zuzendaria, Iñaki Gabilondo kazetaria edota Jon Plazaola aktorea.
Lehiaketako irabazlearen izena 13:00etik aurrera jakinaraziko dute. Ondoren, ohiko enkantea egingo da.