EH Bilduk Siriako eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuak hartzeko adierazpen instituzionala adostu nahi du
Zumarragako EH Bilduk Siriako eta Ekialde Hurbileko beste hainbat herrialdetatik ihesean ateratzen ari diren errefuxiatuak hartzeko tokiko sare bat egituratzeko konpromisoa jasotzen duen adierazpen instituzionala adostea eskatuko dio Zumarragako udalbatzari.
Zumarragako EH Bilduk Siriako eta Ekialde Hurbileko beste hainbat herrialdetatik ihesean ateratzen ari diren errefuxiatuak hartzeko tokiko sare bat egituratzeko konpromisoa jasotzen duen adierazpen instituzionala adostea eskatuko dio Zumarragako udalbatzari.
Adierazpenean konpromiso gehiago jaso dituzte, hala nola: errefuxiatuak hartzeko prestutasuna eta konpromiso bera duten beste udal batzuekin lankidetzan aritzea, Europar Batasunak krisi honetan duen erantzukizun «garbia» salatu dute eta errefuxiatuak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzala eskatu behar zaiola jaso dute eta, azkenik, Zumarragako udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari nahiz Eusko Jaurlaritzari jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eskatzeko konpromisoa.
EH Bilduko kideek adierazi dutenez, «gaur bertan [atzo] udal gobernuari eskatuko diogu aste honetan bozeramale batzordea deitzea eta bertan adierazpen instituzionala adosteaz gain, bestelako neurriak aztertzea». Aurretik eman diren antzeko egoeretan «Zumarragak elkartasun aktiboa erakutsi, eta justizia eskatu du; horixe egin zuen Balkanetako gerran eta horixe egiten du, oraindik ere, saharar herriari dagokionean. Elkartasun horrek Zumarraga ezaugarritu du eta ezaugarritzen du».
Gaiari nola heldu
Aurreko astean PSE-EEk bere bederatzi udalek Siriatik eta beste zenbait herrialdetatik ihesi datozen errefuxiatuak hartuko dituztela eta laguntza eskainiko dietela adierazi zuen. Udalok gizartetik sortzen diren elkartasun ekimenak koordinatuko dituzte. Mikel Serrano Zumarragako alkatearen hitzetan, «gaiari nola heldu ikusi behar dugu, alderdi ezberdinekin adostu nahi dugu egiteko dagoen hori. Kooperaziorako gordetzen dugun diru sailaren zati bat horretara bideratuko dugu eta aldundiari zein jaurlaritzari baliabideak bideratzeko eskaera egingo diegu».