Kizkitzako Amaren ermita ingurua, jendez beteta / Maialen Igartua
Kizkitzako Amaren eguna ari dira ospatzen gaur Ezkio-Itsason. Meza eta erromeria egin dituzte eguerdian, eta bazkalondoan jarraituko du festak. Eguraldia ere lagun dute aurten, eta jendea erruz gerturatu da Kizkitzako ermitaren ingurura. Dantza giro aparta sortu da, eta ugari izan dira hankak dantzarako ere mugitu dituztenak.
Oinez egiten dute sarri askok Kizkitzara arteko bidea, Ezkio-Itsasotik edo Mandubiatik abiatuta, adibidez. Muinora igo eta bertako Amari errezu eginda, bertsolariek eta Balzola anaia trikitilariek saioa egin dute. Fardo jaurtiketa ere egin dute eguerdian.
Ermitaren bueltako zuhaiztian dauden mahaietan egiten dute askok bazkaria gaurko egunez, eta egun osoan zehar Itsasoko Ostatukoek taberna izaten dute irekita bertan. Iluntzean afari merienda egingo dute Itsasoko plazan.