Iparragirretarrak
Urretxuko eta Zumarragako musikariak dira. Ez dira iparragirretarrak, The Northagirres baizik, Iparragirre bardo urretxuarraren izenarekin egindako hitz jokoan. ‘Down to the ...
Urretxuko eta Zumarragako musikariak dira. Ez dira iparragirretarrak, The Northagirres baizik, Iparragirre bardo urretxuarraren izenarekin egindako hitz jokoan. ‘Down to the highway’ diskoa kaleratuko dute aurki, bigarrena dute.
Rock&roll findua, konponketekin harilkatua, pausatua… Urteetako eskarmentuaren emaitza da The Northagirres taldea. Iparragirre koblakariaren izenari iparra itzuli diote eta hala osatu dute taldearen izena. Ez da talde berria, musikariak ere ez dira berriak. 2011n sortu zuten eta orain aireratzeko prest daude, egonkortuta nonbait.
Urretxuko eta Zumarragako musikariak dira. Dagoeneko guztiek ibilbide oparoa egin dute musikaren eszenan, inoiz ez dira, halere, euskal musikaren ohiko moldeetara egokitu. Ingelesez kantatzen dute, nahiz eta gaztelaniaz kantatutako piezaren bat baduten. Ingelesez kantatzen dute hizkuntza horretan entzundakoaz elikatu direlako gazte gaztetatik.
Iñigo Agirrezabaltegiren taupadatik sortu zen The Northagirres. Aurretik izandako bandetako errepertorioetan kabitzen ez ziren kantuak tiradera barrutik ateratzeko gogoak bultzatu zuen eta abesti horiei lekua egingo zion taldea sortu zuen. Hori da, hain zuzen, The Northagirres.
Aspaldiko musikari lagunei deitu eta lehenengo iparragirretarren taldea osatu zuen. Iñaki Urizabal (perkusioa), Borja Aranburu (baxua), Aitor Godoi (gitarra), Jose Aparicio (gitarra) eta Jon Serrano (gitarra). Bi azkenek taldea utzi zuten eta laukotean geratu zen The Northagirres. Etapa hartan taldearen izen berbera duen diskoa kaleratu zuten.
Agirrebalzategik gitarra jotzen du eta aurretik mikroaren aurrean jarri gabe bazegoen ere, The Northagirresen ahotsa da; letrak ere bereak dira. «Ni ez naiz kantaria, baina abestiak nik egindakoak ziren eta etxeko grabaketetan neuk abesten nituenez naturalena izan zen. Edozein modutan, kantatzeak gitarra lana eragozten dit neurri batean eta, oraindik ere, faltan sumatzen dut gitarra bakarrik jotzearen askatasun hori».
Taldera batzen
Aurrera egin zuen taldeak eta Iker Alvarez aspaldiko laguna batu zitzaien beste gitarra bat gehituz. Denbora gutxira Ana Agirrebalzategi, Iñigoren arreba, teklatuekin iritsi zen taldera. «Pianoa oso txikitatik jo dut. Ikasketak egin ditut piano klasikoan baina musikazalea izan naiz beti. Areago, anaiak nire diskoak entzuten zituen, eta denborarekin jakin dudanez, bakarren bat lapurtu ere».
Urretxun eta Zumarragan egindako Herri Operaren aitzakian batu zen piano-jotzailea taldera. The Northagirresi abesti bat egiteko enkargua egin zioten eta Iñigok tokia egin zion pianoari. «Piano elektronikorik ez nuen eta entseguak egiteko modua aurkitu behar izan nuen. Lehenengo entsegua egiteaz batera, barruak esan zidan aurrerantzean taldearekin jarraituko nuela».
Piano-jotzaileak bakardadean jotzen du, «orduak eta orduak egiten dituzu entseguak egiten eta taldean jotzea sekulako aldaketa izan da niretzat. Hasieran zein tonutan ari ginen galdetzen nien, orain galdetu ere ez dut egiten».
Pianoarekin hasitako abenturan hammond bat agertu zen Olentzero gau batez. «Hammond originala mekanikoa da, nirea etxe berak ateratako simulazio bat da. 1970ko hamarraldian sortutako organoa da, erregistro ugari dituena. Soinu oso tipikoa da rock bandetan, baina erreparatzen ez badiozu ez zara konturatu ere egiten hor dagoenik». Hammond-ak soinu limurtzailea sortzen duela dio eta bandak batzen dituen gitarra guztiak gehitzen badizkiogu, The Northagirresek egiten duen rock&roll klasikoaren identitatea zein den entzun gabe asmatu daiteke.
Iñigo Agirrebalzategik orain taldea egonkortu dela dio, «bide bat egin dugu jada eta gauden seiok aurrera egingo dugu, gaudenak garela esan daiteke eta, orain bai, ekiteko prest gaude». Espiritu horrekin aterako dute egunotan Down to highway disko berria. Aurrekoa bezala, hau ere autoekoitzi egin dute eta kontzertuetan zein tabernetan salduko dute. Hurrengo kontzertua Lasarten egingo dute irailaren 11n eta irailaren 26rako lotuta dute beste bat Legazpiko Karibe tabernan.
Atzera begirakoa
Hot Dogs taldeak 1992ko uztailaren 18an egin zuen bere lehenengo kontzertua Zumarragako Zelai Arizti parkean. Hamasei urte inguru zituzten bost musikari ziren. Taldeak, Urretxuko eta Zumarragako musika eszena irauli ez ezik, herrion nolabaiteko irekieran alea jarri zuen. The Northagirres ezin da Hot Dogs taldea gabe azaldu. Izan ere, sei iparragirretarretatik hiru izan dira Hot Dogs eta laugarren batek haien inguruan hegan egin zuen beti. Iñigo Agirrebalzategi, Iñaki Urizabal eta Jon Alvarez Hot Dogs taldearekin hazi eta hezi ziren; Borja Aranburu hegan egiten zuena zen.
«Musikarekin txoratuta geunden. Bost axola zitzaigun inguruan antzekorik ez egotea, gure apustua rock&roll-aren aldekoa izan zen. Guztioi gustatzen zitzaigun musika bera eta gustukoa ez genuena ere berbera zen», dio Iñigo Agirrebalzategik. Musika anglosaxoiarekin hazi ziren, 60 eta 70 urteetako hard rock eta punk rock-a aipatu ditu. Rolling Stones eta ACDC taldeak segika izan dituzte beti. Orain, Neil Young-en rock pausatua gehitu zaie.
Urrezko aroa bizi izan zuten Hot Dogs-ekin. Kike Turmix produktorea aitabitxi bihurtu zitzaien eta haren eskutik oihartzun handiko musikariekin batera jo zuten. Euskal Herriko mugak apurtu zituzten eta, batez ere, Espainian bide oparoa egin zuten. Egun, Interneten begiratuz gero, Hot Dogs-en lehenengo diskoa ehunetik gora libratan saltzen da sareko merkatuan. Lau disko ondu zituzten eta bi etapa ezberdin bete ere. Erre ziren lehenengo etaparen amaieran eta bigarrenean aurrekoaren itzala zabalegia izan zen.
Urte eta erdiz gitarraren zorroa ireki gabe eduki zuen Agirrebalzategik. Berriz zorroa zabaldu zuenetik etenik ez da egon. Muturbeltz taldean egon da eta geroago etorri da The Northagirres. Astero egiten dituzte entseguak eta talde bezala hazten ari dira. Letrak bereak dira, berari buruz hitz egiten dutela dio, baina ez du berak horri buruz hitz asko egin nahi barrutik atera eta lan gehien ematen diona delako. Euskaraz ez zaizkio ateratzen eta ingelesez nolatan irteten zaizkio? Ingelesez entzundako abesti andanarekin hezi dituelako belarria eta bihotza.