Lapikoek berotu dute Ordiziako azokaren bezperako giroa
Bihar egingo dute Euskal Jaietako azoka Ordizian, baina herriguneko kaleak ikusita, festa gaurtik hasi dela esan liteke. Dagoeneko hasiak dira Gudarien etorbidean eta zuhaiztian postuak jartzen, eta kalean, jari giroa sumatzen da. Plazan berriz, lapikoek eta jakien lehiaketek berotu dute arratsalde parteko giroa. Guztira 12 elkarte ari dira gastronomia lehiaketan parte hartzen; gehienak Ordiziakoak dira (8 guztira), baina horiekin batera, Itsasondo, Donostia, Tolosa eta Pasaiko elkarte bana ere ari dira lehian. Denek, bertako produktuekin egindako plater bana prestatu behar dute.
Elkarteen arteko gastronomia lehiaketarekin batera, Gipuzkoako Odolki Txapelketa ere ari dira egiten Ordiziako plazan. Aurten, 11 harakinek parte hartu dute lehiaketan, eta beste horrenbeste lagunek osatu dute epaimahaikoa. Tartean, Mikel Zeberio gastronomia aditua, Ramon Ruiz sukaldari mexikarra edota Frederic Corbacho Suitzako gaztaren Espainiako ordezkaria, besteak beste.
Bi lehiaketen kasuan, irabazleen izenak 20:30etik aurrera jakinaraziko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Sariak berriz, bihar banatuko dituzte, Ordiziako gazta lehiaketarekin batera.