Ospitaleko profesionalak kanpo kontsulten eraikin berrira ohitzen ari dira
Instalakuntza berrietara egokitu bidean daudela dio Emilio Canton Zumarragako Ospitaleko urologia zerbitzuko burua: «Mudantza zaila izan da. Kanpo kontsulten eraikinean lanean hasi berritan gaude». Urologiakoa da ospitaleko eraikin berrian pazienteak
Instalakuntza berrietara egokitu bidean daudela dio Emilio Canton Zumarragako Ospitaleko urologia zerbitzuko burua: «Mudantza zaila izan da. Kanpo kontsulten eraikinean lanean hasi berritan gaude». Urologiakoa da ospitaleko eraikin berrian pazienteak hartzen dituen zerbitzuetako bat. Hiru solairutan banatuta, urologiaz gain, pediatria, otorrinolaringologia, anestesia, neurologia eta oftalmologia zerbitzuak kokatu dituzte, besteak beste, eraikin berrian.
Espezialistek ospitaleratu gabeko pazienteak bertan hartzen ari dira aurreko astelehenetik. Pediatria zerbitzua bertan kokatzen lehena izan zen, oporraldia baino lehen. Javier Calzada pediatria zerbitzuko burua da. Haurrak hartzen dituen zerbitzuari arreta berezia emango ziotela esan zuten ospitaleko arduradunek eraikina egiteko asmoa agertu zutenean. Zerbitzua eraikinaren harreraren ondoan dago eta haurren marrazkiak dituen kristalezko manparak bereizita dago. «Umeek bere espazioa behar dute. Frogak egitera datozenean nahikotxo denbora eman behar dute eta itxaron gela goxoa izatea nahi genuen. Guk emandako ideiak aintzat hartu dituzte pediatria gunea sortzerakoan». Erizainen eta pediatren kontsultak komunikatuta egotea ere eskatu zuten eta hala daude. «Froga asko erizainek eta laguntzaileek egiten dizkiete eta telefonoz gurasoen galderak erantzuten dituzte», dio Calzadak komunikatuta egoteko behar horri azpimarra egiteko.
Aldaketa handiena
Aldaketa handiena sistema informatikoak eragin du. Dagoeneko erizainak ez dira korridoreetara ateratzen eta pazientearen izena ez dute ahots goran esaten. Eraikin berriaren sarreran txanda hartzeko makina bat dago eta txanda hartzeaz batera kontsultetako ordenagailuetan pazientea bertan dagoela agertzen da. Deia automatikoki egiten diete. «Aurrerapen bat da, baina denok ohitu behar gara», gehitu du. Canton urologoa bat dator. Eraikin berriaren onurak aipatu dituzte biek: argia eta erosotasuna. Bi eraikinak komunikatzeko sistema faltan sumatu dute, halere; teilatu bat, gutxienez.
Gurasoen galderei telefonoz erantzuten diete
Javier Calzada Zumarragako Ospitaleko pediatria zerbitzuko buruak kontsulta ordutegian (08:00-15:00) gurasoen deiak une oro hartzen dituztela gogoratu nahi du. «Medikuak, erizainak eta laguntzaileak telefonoaren beste aldean aurkituko dituzte beren kezkak argitzeko». Eraikin berrian daudenetik arazoak daude telefonoarekin eta 943 03 50 01 telefonora deituta zuzenean pediatriarekin hitz egin dezaketela gogoratu nahi du Calzadak zerbitzu hori «inportantea» dela iritzita.